Ekonomia -
Euskal kutxen bat egitea
BBK-ko eta Vitaleko batzarrek bat egiteko prozesua bozkatuko dute gaur
Ezustekorik ezean, BBK-ko eta Vitaleko batzarrek bat egitea babestuko dute. Kutxako batzarrak hilaren 23an bozkatuko du proiektua.
Redacción
BBK-ko eta Vitaleko batzarrek euskal kutxen bat egiteko prozesua bozkatuko dute gaur; Kutxak, aldiz, hilaren 23an egingo du, eta, ustekaberik egon ezean, babesa ziurtatua dago. Halaber, Bilduk eta sindikatuen gehiengoak bat egitea babestea erabaki dute. Atzo CCOO sindikatuak lan baldintzen inguruko akordio lortu zuen Kutxa Bankeko langileentzat.
BBK-ko eta Vitaleko batzarrak 16:00etan eta 16:30ean hasiko dira, hurrenez hurren, eta kutxa bietako kontseilariak izango dira kutxa bakoitzaren batzarrean.
Bat egiteko oinarrizko proiektuaren kontratua ekainean adostutakoa da; ez dituzte Bilduk joan den astean egindako moldaketak sartu. Hala ere, hiru administrazio kontseiluek testu hori onartu zuten, atzo. Izan ere, epe kontuak direla eta, ez dute Bilduren proposamenak eguneko gai-zerrendan sartzeko astirik izan, baina Bildu bat egitea babesteko konpromisoa hartu du.
Halaber, gehiengo sindikalak lan akordioa lortu du, kutxen bat egiteari begira. Aurre-erretiroen egutegia ezartzen du (500 pertsona ingururi eragingo dio) eta neurri traumatikoak baztertzen ditu.
Sindikatuen artean, ELAk eta LABek soilik kritikatu dute bat egitea; LABen hitzetan, langileek zein negoziazio eremu (espainiarra edo lurraldekoa) nahi duten erabakitzeko datarik ez dute jarri. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak prentsa ohar bidez adierazi duenez, horrek eginda egon beharko luke, eta horren alde lan egingo duela gaineratu du.
Bestalde, EBko ordezkariek bat egitearen aurka bozkatuko dute BBK-ko eta Kutxako batzarretan; izan ere, "Espainiako bankuek kutxen lehia ezabatu nahi dute".