Itxi

Ekonomia

Krisia

Azpiazuren hitzetan, "aurrekaririk gabeko salbuespenezko" egoera da

Agentzia | Erredakzioa

Jarduneko Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurreratu duenez, litekeena da Eusko Jaurlaritzak bere aurreikuspen ekonomikoak berriz aztertu behar izatea eta iragarpen apalagoak egitea.

2:43
Pedro Azpiazu. Irudia: EiTB.

Pedro Azpiazu jarduneko Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurreratu duenez, litekeena da Eusko Jaurlaritzak bere aurreikuspen ekonomikoak berriz aztertu behar izatea eta iragarpen apalagoak egitea, nahiz eta “egonkortasun politika eraginkorra” izan. BPGk % 20,1 egin du atzera 2020ko bigarren hiruhilekoan.

Azpiazuren ahotan, “salbuespenezko” egoera da; izan ere, “bake garaian bi zenbakiko halako jaitsiera baten aurrekaririk ez dago historian”.

Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordeak eta Jordi Campas Ekonomia eta Plangintza zuzendariak Pedro Azpiazu lagundu dute agerraldian.

Konkretuki, bigarren hiruhilekoan, BPGk % 20,1eko jaitsiera izan du eta enpleguak % 19,8koa. Ekonomia eta Ogasun Sailak % 13,4ko eta % 10,7ko aurreikuspenak egin zituen, hurrenez hurren.

"Bake garaian bi zenbakiko halako jaitsiera baten aurrekaririk ez dago historian"

Honenbestez, Eusko Jaurlaritzak egindako azken iragarpenak behetik gainditu dituzte azken hiruhilekoko emaitzek. Nahiz eta behin betiko datuak irailaren 18an argitaratu, hazkunde ekonomiko eta enplegu iragarpen apalagoak egin beharko dituztela “ematen du”, sailburuak aitortu duenez. Euskadiko BPGk aurten % 8,7 behera egitea espero zuen Jaurlaritzak, eta 2021ean % 6,7 haztea.

Azpiazuren hitzetan, “sekula izan” den “salbuespenezko egoerarik latzena bizitzen ari gara; berezitasun, osasun kolektiboarentzako arrisku eta krisi ekonomiko zein sozial sakonagatik”. Hala ere, “egonkortze politika eraginkor bat dute martxan”, azpimarratu du.

“Bake garaian bi zenbakiko halako jaitsiera baten aurrekaririk ez dago historian; salbuespenezko egoera bati erantzun aparta eman behar diogu”, nabarmendu du sailburuak.

Azpiazuren ustez, “egonkortasun politika eraginkor” bat dute erakunde ezberdinek hartutako neurriei esker, baina Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa “lehenbailehen” deitzea “premiazkoa” da, Estatuarekin aurrekontuen egonkortasuna adosteko.

Lanpostuen galera

Bestalde, enpleguan datuak ere “oso negatiboak” izango direla gogorarazi du Alberdik. Hasierako aurreikuspena % 7 atzera egitea zen, 68.000 bat lanpostu gutxiago, alegia, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak kontuan hartuta. ABEEEak kontuan hartu barik, ostera, batez beste 43.300 lanpostu galduko lirateke.

Abendutik ekainera bitartean, 30.000 pertsona gehiago zeuden langabezian, Alberdik zehaztu duenez. Aldi baterako erregulazio espedienteen portaeraren eta normaltasuna berreskuratzeko erritmoaren “hipotesi bat” eginez, “beste 30.000 pertsona gehiago” langabezian geratuko direla iragarri du sailburuordeak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena