Ekonomia -

BIZKAIKO ALDUNDIA

Bizkaiak 2019an baino % 19,7 gutxiago bildu du uztailera arte, 1.005 milioi gutxiago

Uztailera arte, 4.085,2 milioi euro bildu dira guztira zerga itunduen bidez Bizkaian, hau da, 2020rako bilketaren aurrekontu osoaren % 50,2.

Bizkaiko Foru Aldundia. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Bizkaiko Foru Aldundia. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Bizkaiko Foru Aldundia. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailera arte, 4.085,2 milioi euro bildu dira guztira zerga itunduen bidez Bizkaian, hau da, 2020ko ekitaldiko aurrekontu osoaren % 50,2. Gainera, iaz epe berean lortutakoa baino % 19,7 txikiagoa izan da zerga-bilketa, hau da, duela urtebete baino 1.005,2 milioi gutxiago.

Ohar baten bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du 2020 ekitaldian lortutako kopuruak aurreko urtekoarekin alderatzean, COVID-19k sortutako krisi ekonomikoaren ondorioez gain, kontuan hartu behar dela, besteak beste, zergen ordainketan izandako atzerapenaren eragina. Uztailean foru aldundien arteko doikuntzetatik bigarrena egin da jada, eta, hori dela eta, Bizkaiak 395,2 milioi euro ordaindu dizkio Gipuzkoari eta 170 Arabari.

Aldi horretan, Aldundiak azaldu duenez, jarduera ekonomikoaren geldialdiak eta Foru Ogasunak lurraldeko zergadunen likidezia hobetzeko hartutako neurriek eragina izan dute Bizkaiko zerga bilketan (bereziki, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen eta langile autonomoen likidezia hobetzeko hartutakoak).

Hain zuzen ere, neurri horien artean, PFEZa eta Ondarearen eta Sozietateen gaineko Zergak ordaintzeko unea atzeratu da, langile autonomoen atxikipenen ordainketa eten da eta aparteko kenkariak ezarri dira, horren arabera.

Zuzeneko zergapetzea

Zuzeneko zergen bidez 2.133,8 milioi euro bildu dira, hau da, % 19,1 gutxiago, 2019ko uztaileko datuekin alderatuta. PFEZa, oro har, % 13,2 jaitsi da, baina nabarmentzekoa da lan-atxikipenen portaera positiboa, % 0,9 igo baita, 1.803,4 milioira iritsita.

Aldundiak azaldu duenez, errenta aitorpenei dagokien diru-sarrera ez da irailaren 30era arte lortuko, aurten hiru hilabete gehiago luzatuko baita. Halaber, langile autonomoen PFEZaren ordainketa zatikatuak bertan behera geratu dira, eta % 30,8 jaitsi dira, 20,2 milioi gutxiago.

PFEZan bezala, ondarearen gaineko zergan ere irailaren 30a ezarri da zerga hori kobratzeko epemuga gisa; beraz, aurten 1,8 milioi euro baino ez dira bildu oraingoz, eta 2019ko uztailean, berriz, 76,6 milioi.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, urteko lehen zazpi hilabeteetan 482 milioi euro eman dizkio bilketari, duela urtebete baino 183,6 milioi gutxiago. Aldundiaren arabera, zerga horri dagokionez, kontuan hartu behar da kanpaina ez dela bukatu zergadun guztientzat, azaroaren 25era arte luzatu baita mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat.

Zeharkako zergapetzea

Uztailera arte, 1.683,3 milioi euro bildu dira zeharkako zergen bidez, hau da, 2019ko epe berean baino % 18 gutxiago.

Uztailean egin dituzte lehen bi barne doikuntzak Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiekin, eta Bizkaiak 565,3 milioi ordaindu dizkie: 395,2 milioi Gipuzkoak jaso ditu, eta 170 Arabak. Zergen bidez, 312,9 milioi BEZari dagozkio, eta 252,4 milioi, berriz, zerga bereziei.

Zeharkako zergen kontzeptu nagusi gisa, kudeaketa propioko BEZa % 18,1 jaitsi da iazko datuekin alderatuta (1.400,6 milioi euro). Berezien artean, hidrokarburoena % 15,3 jaitsi da, 407,5 milioi euroraino.

Urteko lehen zazpi hilabeteetan, 23,2 milioi euro bildu dira tasen eta bestelako sarreren bidez, hau da, % 40,9 jaitsi da, 2019ko uztaileko datuarekin alderatuta.

Horrela, kudeaketa propioko zerga itunduen bidezko bilketa 3.840,2 milioira igo da, duela urtebete baino % 18,8 gutxiago.

Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, lehen bi hiruhilekoei dagozkienak egin dira jada; BEZari dagokionez, Bizkaiak 392 milioi euro jaso ditu, eta zerga berezien doikuntzari dagokionez, Bizkaiak 147 milioi euro ordaindu dizkio Estatuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Enpresen albisteak Zerga politika gaur