Ekonomia -
Erreferenduma
Mercedes lantegiko langile gehienek lan-hitzarmena babestu dute
Gasteizko lantegiko 3.200 langileetatik 1.813k alde bozkatu dute eta 967 kontra, CCOO sindikatuko iturriek jakitera eman dutenez.
Erredakzioa
Lantegiaren etorkizuna 2024ra arte bermatzen duen lan-hitzarmena babestu dute gaur Mercedes enpresako Gasteizko lantegiaren langile gehienek. Horrela, Gasteizko lantegiak VS20 furgoneta berria egingo du.
CCOO sindikatuko iturriek jakinarazi dutenez, lantegiko 3.200 langileetatik 1.813k alde bozkatu dute eta 967 kontra. Hala eta guztiz ere, postaz emandako botoak zenbatzeke daude oraindik.
Erreferendumak parte-hartze handia izan du. UGT, CCOO, USO eta Ekintza sindikatuek eta Mercedeseko zuzendaritzak lortutako akordioa babesteko edo errefusatzeko aukera zuten langileek. Langileen % 51 ordezkatzen dute sindikatu horiek.
ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek, ostera, ez dute akordioa babesten eta lantegiko zuzendaritzarekin izandako elkarrizketetan ez dute parte hartu.
Furgoneta berria
Horrela, Vito eta Viano ibilgailuak 2014an ordezkatuko dituen furgoneta berria fabrikatzen jarraituko du Gasteizko lantegiak.
Erreferendumean izandako emaitzarekin "oso pozik" agertu da lantegiko zuzendaritzaren bozeramaile bat, baina babes handiagoa lortzea espero zutela onartu du.
Patxi Lopez lehendakariak langileak zoriondu ditu twitter sare sozialaren bidez, Arabarentzako eta lantegiarentzako "albiste ona" delako.