Ekonomia -
Epai baten ondotik
Nafarroako Gobernuak gaztelerazko 108 lanpostuko eskaintza onartu du Hezkuntzan
Epai batek euskarazko beste hainbeste plaza baliogabetu zituen iaz, eta hura betetzeko beste LEP bat egingo du foru Gobernuak. 2016ko deialdian lanpostua lortu zutenek ez dute galduko.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntzan Nafarroako Gobernuak lan eskaintza publikoa (LEP) egitea ebatzi du Nafarroako Gobernuak gaur egindako bilkuran. Zehazki, gaztelerazko 108 lanpostu eskainiko ditu, euskarazko beste hainbeste irakasle plaza baliogabetzen zituen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai irmoa betetzeko (Afapna sindikatuak helegitea jarri zion foru dekretuari).
Javier Remirez Nafarroako lehen presidenteordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, 2016ko deialdian lanpostua lortu zuten euskarazko irakasleek lanean jarraituko dute, funtzionario plaza galdu barik.
Remirezek azaldu du epaia betetzeak ez duela irakasleek euren lanpostua galtzea ekarri behar, kontrakoak "interes publikoari eta 108 pertsona horien eskubideei kalte egingo lieke". Hortaz, euskarazko plazei eusteak eta gaztelerazko lanpostu berriak sortzea irtenbide "egoki, orekatu eta justua" da, lehen presidenteordearen ustez.
"2016an eskaini genituen lanpostu horiek beharrezkoak dira gaur egun", erantsi du.
Joseba Asiain Presidentetzako zuzendari nagusiak eta Amaia Goñi Funtzio Publikoko idazkari nagusiak bilera izan zuten 108 irakasleen abokatuekin erabakiaren berri emateko.