Ekonomia -

Kaleratzeak

Trenasak Castejoneko lantegia itxi behar duela iragarri du

Lantegiak 118 behargin ditu. Nafarroako CCOOren Industria idazkari nagusiak adierazi duenez, itxiera “sekulako zaplaztekoa” eta “lotsagabekeria ikaragarria” da.

Trenasako langileen manifestazioa. Argazkia: Nafarroako CCOO
Trenasako langileen manifestazioa. Argazkia: Nafarroako CCOO
Trenasak Castejoneko lantegia itxiko duela iragarri du

1:4

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trenasako zuzendaritzak Castejoneko lantegia itxi behar duela jakinarazi dio ostiral honetan bertako enpresa-batzordeari. Fabrikak 118 langile ditu. CCOOko bi ordezkarik eta USOko beste batek osatzen dute enpresa-batzordea.

Josema Romeo Nafarroako CCOOren Industria idazkari nagusiak adierazi duenez, itxiera “sekulako zaplaztekoa” eta “lotsagabekeria ikaragarria” da; izan ere, uztailean “lan-erregulazioko espedientea negoziatu” zuten.

“Eskariak iritsi ahal izateko 45-60 eguneko lan-erregulazioa negoziatu genuen, hain zuzen ere, eta orain itxieraren albistearekin topo egin dugu”, kritikatu du Romeok. “Ez dago inolako aitzakiarik”, salatu du.

Zentzu horretan, langileek egindako “esfortzua” azpimarratu du Romeok, “behargin oso gazte eta trebatuak”. CCOOko ordezkariaren ahotan, langileak “shock egoeran” daude, zuzendaritzak ordezkariei erabakiaren berri 11:00etan eman ondoren.

Erabakiaren berri izan ondoren, langileek manifestazioa egin dute ‘Trenasa ez itxi’ lelopean.

Lantegia abenduaren 31n ixteko asmoa du zuzendaritzak. Lantegia CAFen filiala da. Multinazionalaren abokatuak enpresa-batzordeko hiru kideei erabakia jakinarazi die goizean. Hasiera batean, bilera urriko lan egutegia negoziatzeko zen; izan ere, ekainetik aldi baterako lan-erregulazioan dira beharginak COVID-19ak eragindako krisiagatik.

“Urriko lan egutegia negoziatzeko asmoz etorri gara, eta urte bukaeran enpresa itxi behar dutela jakitera eman digute”, ziurtatu dute Miguel Angel Molina eta Manuel Ruiz CCOOko eta USOko ordezkariek, hurrenez hurren. “Ezusteko galanta izan da, shock egoeran gaude, ez genuen espero”, erantsi dute.

Ondoren enpresa-batzordeak langileei erabakiaren berri eman die. Beharginen erantzuna N-113 errepidera arte martxa bat egitea izan da. Errepidea 15 minutu itxi dute 15:00ak aldera.

Enpresak ekonomia, ekoizpen eta antolaketa arrazoiak eman ditu kaleratzeak justifikatzeko. Zentzu horretan, lan-erregulazioko espedientea urriaren 2an abiatzea nahi du zuzendaritzak.

Langileek elkarretaratzea egin dute fabrikaren sarreran, arratsaldean, eta bihar 12:00ak aldera gauza bera egingo dute. “Besteen hutsak ez ordaintzea”, eskatu diote CAFi, “lanean eman ditugun 14 urteetan nahiko ondo moldatu garelako”.

Asteazkenera arte greba eskubiderik ez dutela gogorarazi du enpresa-batzordeak. Lanpostuak defendatzeko batasuna azpimarratu dute langileen ordezkariek: “Astelehenean beste batzar bat egin eta Beasainera bost eguneko martxa bat egiteko asmoa dugu, CAFen enpresa nagusia bertan dagoelako; lana eskatzeko, hori baita nahi dugun gauza bakarra”.

Castejoneko Udalak beharginei babesa adierazi die. David Alvarez Ezkerrako alkateak, Trenasako langileak (eszedentzian), fabrika ixtea eragozteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Era berean, Castejoneko lantegiak ekoizpenerako gaitasun nahikoa duelako enpresa ez ixtea eskatu dio alkateak CAFi.

Era berean, adierazpen instituzionala erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Trenasa enpresaren itxiera eta kaleratzeak errefusatzeko.

Bestalde, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako kontseilariari galdera bat egiteko aukera izatea eskatu du. Azkenik, kontseilaria enpresa-batzordearekin biltzea aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Albisteak Gipuzkoa Nafarroa CAF albisteak Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Beasain Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO Lan gatazkak