Ekonomia -
MANIFESTAZIOA
Gazteentzako enplegu duina aldarrikatu dute LABek eta Ernaik Iruñean
Nafarroako langileriak eta, bereziki, gazteek bizi duten "prekarietatea" salatu dute. Patronala eta Nafarroako Foru Gobernua jo dituzte egoeraren erantzuletzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gazteentzat enplegu eta bizitza duinak aldarrikatzeko, ehunka lagun kalera atera dira gaur Iruñean, LABek eta Ernai gazte mugimenduak deituta. 'Krisia kapitalak ordain dezala' lelopean, manifestazioa egin dute, autobus geltokitik abiatuta.
Imanol Karrera LABek Nafarroan duen koordinatzaileak adierazi duenez, Nafarroako langileen egoera "geroz eta prekariagoa" da eta "patronala enplegua suntsitzen ari da egunero". Horren aurrean, mobilizatzea eta kalean "etorkizun duin" baten alde borrokatzea beste aukerarik ez dutela gaineratu du. Siemens Gamesa eta Trenasa enpresen adibideak aipatu ditu.
Egoera honek "bi arduradun" nagusi ditu LABen arabera: bata, patronala, eta, bestea, Nafarroako Gobernua. "Patronalak ez dauka inolako eskrupulurik langileak kaleratzeko, ez du gehiago ordaindu nahi eta egoera hobetzea ere ez da bere planetan sartzen. Foru Gobernua, berriz, patronalaren esanetara dago", esan du.
LABen eta Ernai taldearen proposamenak aintzat hartzeko eskatu dio Karrerak Maria Chiviteren Gobernuari, "gazteen etorkizuna bermatzeko eta kaleratzeak ekiditeko".
Ane Alava Ernaiko kidea ere ildo beretik mintzatu da. Bere arabera, Nafarroako langabeziari buruzko azken txostena "oso kezkagarria da", bereziki gazteei dagokienez. Nabarmendu du pandemia abiatu zenetik 1.000 gazte baino gehiagok galdu dutela enplegua.
Manifestazioa Carlos III.a etorbidetik igaro denean, gazte batek pintura gorria bota du CaixaBanken eraikinera, eta Poliziak identifikatu egin du.