Ekonomia -
LAN-ISTRIPUA
Productos Tubulares enpresako langile bat hil da, lan-istripu baten ondorioz
Ostegunean izan zuen istripua Trapagaranen dagoen lantegian, eta azken orduotan zendu da behargina. Tubos Reunidos taldeak istripua argitzeko ikerketa hasi du. Hilabetean hil den bigarren langilea da.
EITB.EUS
Trapagaraneko Productos Tubulares enpresako langile bat hil da, joan den ostegunean izandako lan-istripu baten ondorioz.
CC.OO. sindikatuak gogor salatu du heriotza, Twitter bidez zabaldu duen mezu batean. "Segurtasuna" eta "arriskurik gabeko enplegu duina" aldarrikatu ditu zentralak, eta elkartasuna helarazi die hildakoaren senitartekoei eta lankideei.
Tubos Reunidos taldeak istripua argitzeko ikerketa hasi du, eta esan du "oso atsekabetuta" dagoela heriotzagatik. Era berean, "bere doluminik bizienak" adierazi dizkio hildako langilearen senideei eta lankideei.
Bigarren hildakoa hilabete batean
Heriotza honekin, bi dira hilabete baten buruan Trapagaraneko lantegian hil diren langileak. Joan den irailaren 4an, 25 urteko behargin bat zendu zen, teilatu batetik erori ondoren. Langoitia Estructuras Metalicas enpresako langilea zen, Productos Tubularesek azpikontratatutakoa.