Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Fernandez: 'Kutxabank Estatuko entitaterik kaudimendunena izango da'
Hala ere, "uharterik ez da existitzen", BBKko presidenteak gogorarazi duenez. "Gure inguruan gertatzen denak ez gaituela eragingo pentsatzea ergela litzateke", erantsi du.
Erredakzioa
"Kutxabank Estatuko entitaterik kaudimendunena izango" dela adierazi du gaur Mario Fernandez BBKko presidenteak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, kapitalizaziorik beharko ez duela ziurtatu du Fernandezek. "Kutxabanki ez zaio tokatuko, kaudimendunena izango delako, aurrenak izango gara", azpimarratu du.
Hala ere, "uharterik ez" dela existitzen gogorarazi du BBKko presidenteak. "Gure inguruan gertatzen denak ez gaituela eragingo pentsatzea ergela litzateke", erantsi du. Era berean, "zorionez, Espainia ez da Grezia", gaineratu du.
"Prozesu konplexua"
Bestalde, bat-egite prozesua "konplexua" dela nabarmendu du Fernandezek. "Urtarriletik aurrera banku bakarra garela pentsatu behar dugu, entitate bakar gisa jokatu", adierazi du.
Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak Kutxen Legearen aurka aurkeztutako helegiteak bat-egite prozesua "oztopatu egingo ez" duela uste du BBKko presidenteak.
Bat-egitearen negoziaketan Bilduk izandako paperi dagokionez, entitate berria "ohi ez bezalako babes sozialarekin jaioko den proiektu bakarra da EAEn", esan du Fernandezek. "Bildurekin izandako negoziaketa oso profesionala izan zen", erantsi du. "Euskadin ordezkaritza zabala lortu" dutela "ez da ahaztu behar", BBKko presidentearen hitzetan.