Ekonomia -
EUSKO LABEL
Euskal Ogia, Eusko Labela duen produktu berria
Arabako zerealekin, ore amarekin, hartzidura luzearekin eta gehigarririk gabe egindako ogia da.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko okindegi tradizionalaren sektoreko ordezkariek, Arabako zereal ekoizleek eta erakundeetako ordezkariek Euskal Ogia, Eusko Label ziurtagiria duen produktu berria, aurkeztu dute Donostian.
Arabako gariarekin, ore amarekin, hartzidura luzearekin, gehigarririk gabe eta ogia garatzeko ziklo naturala errespetatuz egindako ogia da. Oraingoz, kontsumitzaileak aurkituko dituen produktu motak txapata, barra eta ogi biribila izango dira. Etorkizunari begira, eskaintza handitzea espero dute, irin osoko ogia eta baguette ogia eskainita.
Eusko Label bereizgarria duten produktu guztiak bezala, produktua hasieratik bukaerara kontrolatuta egongo da. Produktuek markak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko, HAZI erakundeak beharrezkotzat jotzen diren kontrol- eta ziurtapen-sistemak ezartzen ditu prozesuaren arlo hauek guztiak gainbegiratzeko: ekoizpena, kontserbazioa eta biltegiratzea, garraioa, ontziratzea, manipulazioa eta merkaturatzea.
Garia da Arabako labore nagusia, nekazaritza-azaleraren % 30 hartzen du. Hala eta guztiz ere, orain arte gari hori ez dute ogia egiteko erabili izan, erabilitako barietateek eta lurraldearen zati handi baten ezaugarri agroklimatikoek mugatu egiten baitzuten horretarako erabiltzea.
Horregatik, proiektu honen helburuetako bat da Arabako Zerealak markaren bitartez gari-aleek arautegian eskatutako kalitate-parametroak betetzea, Arabako zerealen sektoreari balioa eta merkaturatzeko aukera berriak eskainiz.
Zerealaren jatorriaz eta kalitateaz gain, erabilitako garia ekoizpen integratuko tekniken bidez ekoiztea eskatzen du Euskal Ogia ogiaren arautegiak. Arau honek laborea erabat maneiatzeko betekizunak biltzen ditu, ingurumenari eta produktuari dagokienez nekazaritza-jasangarritasuna sustatuz.
Non eros dezaket Euskal Ogia?
Ogia, hasiera batean, Euskal Ogia izenarekin salduko da Basque Label Okindegiak irudiarekin identifikatutako okindegietan. Merkaturatzeko, 3 saltoki lehenetsi dira Donostian, Gasteizen eta Bilbon; azaroan, 11 okindegi gehiagotan egongo dira salgai. 2021ean, Euskal Ogia marka garatzeko plan bat jarriko da martxan, eta 2022an amaituko da, 120 saltoki espezializatu baino gehiagotara heldu eta Arabako 600 hektarea gari baino gehiago erabiltzen direnean.