Ekonomia -

Segurtasun Sailaren asmoak

Ertzaintzan urtero Lan Eskaintza Publiko bat egingo dutela iragarri du Erkorekak

Era berean, bere Sailak kutsatzeko gaitasun handia duten gaixotasunentzako Larrialdietako Plan Berezia landu, eta hauteskundeei begira, boto elektronikoaren inguruko azterketa egingo duela agindu du.

Erkoreka, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Erkoreka, Legebiltzarrean egin duen agerraldian.
Erkoreka, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu berriak  iragarri duenez, legegintzaldi honetan lau Lan Eskaintza Publiko egingo dituzte Ertzaintzan, 2024ra arte urtero bat. Lehena, 30. promozioari dagokiona, urtea amaitu baino lehen egingo dute eta 700 lanpostu izango ditu.

Erkorekak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, bere sailak legegintzaldi honetarako dituen asmoak azaltzeko.

Sailburuak azaldu du ustekabean iritsi den osasun-krisia tarteko, Segurtasun Sailak lehentasunak moldatu behar izan dituela. Hala, iragarri du kutsatzeko gaitasun handia duten gaixotasunentzako "Larrialdietako Plan Berezia" lantzen ari direla, osasun-erronka berrien aurrean jarduteko protokolo berriak jasoko dituena. Helburua da prestatuta egotea COVID-19ak eragindakoaren antzeko beste krisi bat sortzen bada ere.

Horrez gain, hauteskunde alorrean, indarrean dagoen arau-esparruaren "analisi sakon bat" egingo dela ere aurreratu du, teknologia berriak erabili ahal izan daitezen, bai posta bidez botoa emateko bai boto elektronikorako.

Bestalde, emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, Erkorekak esan du legegintzaldi honetan garatuko dutela "EBA Proiektua delakoa (Emakumeen eta Etxekoen Babesa). Proiektu horrek genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arloetako Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera emango duen sistema digital berria ekarriko du.

Era berean, Segurtasun Integralerako Euskal Eredua osatzea helburu duela azpimarratu du. Sailburuaren esanetan, paradigma berri horrek herritarren segurtasuna kontzeptu hertsia gainditzen du, eta kontzeptu global bat bideratzen du, bere baitan herritarren segurtasunaz arduratzen diren agente guztiak biltzen eta koordinatzen dituena: Ertzaintza, udaltzaingoa, larrialdietako zerbitzuak, suhiltzaileak, trafiko-zerbitzuak, meteorologia, prebentzio-zerbitzuak, segurtasun pribatua, etab.

Azkenik, Transferentzien Batzorde Mistoan duen presidente karguaz mintzatuta, Gernikako Estatutua erabat betetzeko konpromisoa berretsi du Erkorekak, eta agindu du lan egingo duela legegintzaldi honetan transferentzia guztiak eskualdatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Ertzaintza Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza EAEko hauteskundeak Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Hauteskundeak Koronabirusa