Ekonomia -
Capital Markets Day
Iberdrolak 75.000 milioiko inbertsio-plana jarriko du martxan 2025era arte
5.000 milioiko mozkin garbia eta 15.000 milioiko Ebitda aurreikusten ditu konpainiaren plan berriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iberdrolak 75.000 milioi euroko inbertsio historikoa egingo du 2020-2025 epealdian. Aurrea hartzea eta iraultza energetikoaren aukerak aprobetxatzea du helburu konpainiak, baita susperraldia bultzatzea COVID-19aren egungo krisiaren aurrean, taldeak "Capital Markets Day" dela eta iragarri duenez.
Zehazki, inbertsio bolumen horren % 90 (68.000 milioi euro) organikoa izango da eta bere negozio eredua finkatzera zuzenduko du, energia berriztagarri, sare, biltegiratze eta bezeroentzako irtenbide adimendun gehiagotan oinarrituta. Gainerako 7.000 milioi euroak PNM Resources konpainia amerikarra erosteko dira.
Ignacio Sanchez Galan buru duen taldeak epe horretan ezarriko duen abiadurak, batez beste, 10.000 milioi euroko inbertsioa eragingo du urtean, 2020tik 2022ra bitartean, eta 13.000 milioi eurokoa 2023tik 2025era bitartean.
Inbertsio-erritmo horrekin batera, aldi berean, hazkunde errentagarria egongo da, finantza-sendotasunari eta akziodunei ematen zaien ordainsariari eusten dien bitartean.
Hala, ustiapen-etekin gordina (Ebitda) 15.000 milioi eurokoa izango da 2025erako, hau da, 2019an lortutakoa baino 5.000 milioi euro gehiago, urteko batez besteko hazkunde metatua % 7koa izanik, eta etekin garbia 5.000 milioi eurora arte igotzea aurreikusten du, aldi horretan urtero % 6 eta % 7 artean hazita.
Horrek esan nahi du epealdiaren amaieran taldearen irabaziak ia % 47 haztea espero dutela, 2019an lortutako 3.400 milioi euroko mozkin errekorrarekin alderatuta.
Halaber, Iberdrolak taldearen 2022ko aurreikuspenak gorantz berrikusi ditu, COVID-19aren testuinguruan izan arren. Horrela, 2022ko mozkin garbia 4.000 milioi eta 4.200 milioi euro artekoa izango da, 2018-2022 aldirako aurreikusitako 3.700-3.900 milioien aldean.
20.000 kontratazio berri inguru
Aldi berean, 20.000 kontratazio berri egitea aurreikusi du aldi horretarako: 2022rako, 10.000 baino gehiago izango dira, eta 30.000 lanpostu sortzea bultzatuko du.
Bestalde, Iberdrolak bere kreditu kalifikazioak 'BBB+/Baa1' mailan mantentzea aurreikusten du, baita gaur egungo zor ratioak ere, kutxa fluxu handiagoak sortzeko duen ahalmenagatik. Konpainiak bere finantziazio iturrien dibertsifikazio handia izaten jarraitzen du, 15.000 milioi eta 22.000 milioi euro artean, merkatu ezberdinetarako sarbidea eta likideziaren kudeaketa aktiboa ahalbidetzen diotenak.