Ekonomia -
Bizkaia
United Capsek Sopelan duen lantegia itxiko du, 37 langile Gironara lekualdatuta
ELA sindikatuak iragarri duenez, beharginek greba mugagabea abiatuko dute azaroaren 24tik aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
United Caps multinazionalak Sopelan (Bizkaia) duen lantegia (lehen Embalatap zena) itxiko du, eta bertan lan egiten duten 37 pertsonak Gironara (Llagosteran duen beste lantegi batera) lekualdatuko ditu, ELA sindikatuak jakinarazi duenez.
Luxenburgon egoitza duen konpainiak 2018an erosi zuen Embalatap. 1973an sortutako enpresak olio eta ozpinetarako tapoiak egiten zituen, eta 2018an 5,6 milioi euroko fakturazioa zuen, 500 milioi tapa eginda.
Gaur egun 37 pertsonek egiten dute lan Sopelako enpresak. Itxieraren eta deslokalizazioaren kontra protesta egiteko greba mugagabeari ekingo diote langileek, azaroaren 24tik aurrera.
ELAk ohar batean salatu duenez, "fede txarrez ari dira prozesu horretan, ez baitago arrazoirik, are gutxiago arrazoi objektiborik, Sopelako lantokia ixteko eta 37 lanpostu suntsitzeko. United Capsek arrazoi ekonomiko eta teknikoak argudiatu ditu, baina etekinak sortu ditu azken urteotan, eta salmentetan gora egin du".
Sindikatuaren iritzian, United Caps multinazionalak 2018an Embalatap erosi zuenean "bazeukan prestaturik ibilbide-orria, ekoizpena deslokalizatzeko eta Sopelako lantokia ixteko, behin bezero-zorroa, egitura eta abar eskuratu ondoren".
Itxieraren erabakian "esku hartzeko" eskatu diete langileek erakundeei (Sopelako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila), eta "Sopelako lantokiko enplegua eta etorkizuna babesteko". Hori dela-eta, "lehenbailehen" bilerekin hasteko galdegin dute.
ELAren ustez, Industria Sailak "bere egin beharko luke arazo hori, eta arlo horretan duen erantzukizunagatik, adierazpen hutsak baino ekintza zehatzak bultzatu beharko lituzke".
Izan ere, sindikatuak zehaztu duenez, "iruzurrezko mugikortasun geografiko horren kontsulta-aldia datorren astean bukatuko da", eta hori saihesteko, "industria-plan bat prestatzeko" eskatu die erakundeei.