Ekonomia -

Lan gatazka

AP-1 autobideko beharginek lanuzteak egingo dituzte Araban

Horrela, bi orduko lanuzteak egingo dituzte (12:00etatik 14:00etara) lan ostiral guztietan urtea bukatu arte, gaurtik hasita abenduaren 18ra arte.

AP-1 autobidearen ordainlekuetako langileak. Argazkia: LAB
AP-1 autobidearen ordainlekuetako langileak. Argazkia: LAB
AP-1 autobidearen ordainlekuetako langileak. Argazkia: LAB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urteko lan ostiral guztietan bi orduko lanuzteak egingo dituzte AP-1 autobidearen ordainlekuetako langileek Araban, lan baldintza hobeak eta behargin gehiago eskatzeko, baita lan gatazka konpontzeko Arabako Aldundiaren inplikazioa ere.

ELAko eta LABeko ordezkariek ohar batean gogorarazi dutenez, 2018an AP1eko emakidadunak ordainlekuak kudeatzeko ardura hartu zuen, baita autobidea mantentzeko ere, Arabat Aldundiko enpresak baliabide propioekin egin beharrean, mantentze-lanak enpresa pribatu horren bidez egitea erabaki zuelako, lizitazioaren prezioa “ausarkeriaz” ia % 20 jaitsi ondoren.

AP1eko emakidaduna lan baldintzak “sistematikoki” urratzen ari dela salatu dute sindikatuetako ordezkariek, une askotan behar baino langile gutxiago edukita, zerbitzua emateko behar beste ibilgailurik gabe eta mantentze-lan egokiak “prestutasunez” egin barik. Horrek “langileentzako eta erabiltzaileentzako ondorio larriak” izan ditzakeela ohartarazi dute.

Gainera, bi urteko kudeaketaren ostean, AP1eko emakidadunak “langileen baldintzak arautu gabe jarraitzen du”, Arabaten eta Aldundiaren “moteltasunak” lagunduta. Zentzu horretan, Arabako eraikuntza hitzarmena aplikatzen dietela salatu dute, zerbitzu motarentzako guztiz desegokia.

Elkarte publikoaren kontseilari delegatu guztien aurrean egoera salatu dutela erantsi dute, eta “urraketak” lehengoratzeko “esku hartzerik txikiena” ere ez dutela lortu. Horregatik guztiagatik, bi orduko lanuzteak egingo dituzte (12:00etatik 14:00etara) lan ostiral guztietan urtea bukatu arte, gaurtik hasita abenduaren 18ra arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba ELA LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak AP-1eko berriak