Ekonomia -

Euskadi Next 21-26

Jaurlaritzak 5.700 milioi euro jaso nahi ditu funts europarretatik inbertsioetarako

Onartu duten Euskadi Next proiektuarekin aurrekontuak EBko laguntzekin uztartu nahi dituzte. Horregatik, Espainiako Gobernuari helaraziko diote proposamena agintari europarren eskuetara iristeko.

El lehendakari, Iñigo Urkullu. Foto: Irekia
El lehendakari, Iñigo Urkullu. Foto: Irekia
Europako funtsak Euskadira irits daitezen, 200 bat egitasmo aurkeztu ditu Jaurlaritzak

1:32

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 5.700 milioi euro jaso nahi ditu funts europarretatik, datozen bost urteetan 188 inbertsio egiteko eta 13.200 milioi euro aktibatzeko. Lehendakariak Euskadi Next 21-26 egitasmoa aurkeztu du, Jaurlaritzak onartu berri duena, eta EAEko herritarrak covid-19aren ondorengo "abangoardian" kokatzea eta "indartsuago ateratzea" helburu duena.

Urkulluk agerraldia egin du Gasteizen hedabideen aurrean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburarekin batera, Euskadi Next 21-26 egitasmoa aurkezteko, Gobernu Kontseiluak gaur bertan onartu baitu.

Lehendakariak azpimarratu du Susperraldi eta Erresilentzia egitasmoak europako funtsak eta euskal erakundeenak "norabide berean" uztartzen dituela, "hazkunde iraunkor eta barnehartzailearekiko" konpromisoarekin.

"Pandemiaren osteko susperraldi ekonomiko eta sozialaren prozesuaren abangoardian egon nahi dugu. Ez da pairatzen dugun lehenengo krisia, eta, aurrekoetan bezalaxe, indartsuago ateratzeko aprobetxatu nahi dugu egoera", adierazi du.

Bost gako

Lehendakariak Euskadi Nexten ezaugarri nagusiak biltzen dituen bost gakoak azpimarratu nahi izan ditu: osagarritasuna, integrazioa, parte-hartzea, sinesgarritasuna eta bideragarritasuna. Lehenengoari dagokionez, Europaren aurrean EAEk behar dituen proiektuak aurkezten direla, eta osagarriak izango direla euskal erakundeen aurrekontuekin. “Gure ibilbide orria dira”, berretsi du.

Integrazioari dagokionez, Europar Batasunak ezarritako irizpideei erantzuten dien egitasmoa dela esan du. “Euskal erakunde guztiak, eragile pribatuekin batera, 16 proiektu estrategiko eta 200 bat gehiago adosteko gain izan gara. Ziur gaude duten beharrarekin eta balio erantsiarekin. Horregatik izango dute finantzazio publiko eta pribatua”, azaldu du.

Hirugarrenik parte-hartzea aipatu du, Merkataritza Ganberekin, Confebaskekin, Eudelekin, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialarekin, Foru Aldundiekin eta Udalekin bilerak izan dituztelako. “Proiektu guztiak jasotzeko eta aztertzeko informazioa partekatu dugu, eta horrek Euskadi Nexten edukia zehaztea ahalbidetu du”, azpimarratu du.

Sinesgarritasunari ere garrantzia eman dio. “Proiektuak hautatzeko irizpideetan aintzat hartu da inbertsioak iraunkorrak izatea sozialki, ekonomikoki eta ingurugiroari dagokionez. Gainera, herria eraldatzeko gaitasuna duten proiektuak dira”, gaineratu du.

Era berean, Iñigo Urkulluk proiektuen bideragarritasuna azpimarratu du, eta guztiak 2026ko abenduaren 31 baino lehenago egin daitezkeela ziurtatu du. “Lurraldeen arteko oreka eta publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren bermeari eman diegu lehentasuna”, lehendakariaren esanetan.

Jaurlaritzaren ordezkari nagusiak, azkenik, adierazi du EAEren ibilbide orri ekonomiko eta soziala Berpiztu Egitasmoan, 2021eko Aurrekontuetan eta Euskadi Next Egitasmoetan datzala. “Herrialdearen helburua partekatzen dugu: gure ekonomia eraldatzea eta Euskadiko enpleguaren kopurua eta kalitatea hobetzea”, azaldu du.

Banaketa

Euskadi Next egitasmoak aurreikusten duen aurrekontuaren % 63 trantsizio energetiko-ekologikora dago bideratuta (Europak % 37 eskatzen zuen gutxienez funtsak jasotzek), eta trantsizio digitalera dago bideratuta % 21 (EBk eskatzen zuena baino puntu bat gehiago).

5.702 milioi eurotatik, 2.561 EAE osorako proiektu komunetara bideratuko lirateke; 1.404 milioi Bizkaira, 1.001 Gipuzkoara, eta 736, Arabara.

Eremu estrategikoen kasuan, 1.189 milioi administrazioak, enpresak eta balio kateak digitalizatzeko eta berritzeko erabiliko dira; 1.081 milioi hiri habitata hobetzeko; 941 milioi euro mugikortasun iraunkorrera; 786 milioi osasunera eta pertsonen zaintzara; 657 milioi natur ingurura eta natur hondamendien prebentziora; 492 milioi ekonomia zirkularrera; 415 milioi energia berriztagarrien sorkuntzara, eta 140 milioi euro bizitza osoko ikaskuntzara.

Digitalizazioaren eta berrikuntzaren alorrean, ekoizpen sareko trantsizio teknologikoa eta digitala errazteko neurrietan jarri dute arreta, adimen artifizialean, big datan, 5Gan eta zibersegurtasunean, besteak beste.

Hiri habitatari dagokionez, 18 inbertsio jasotzen dira, mugikortasun iraunkorraren, auzo zaurgarrienen eta etxebizitzen birgaitzearen inguruan.

Osasunari eta pertsonen zaintzari dagokionez, 27 inbertsio aurreikusten dira, eta arreta berezia jarriko dute adinekoengan.

Mugikortasun iraunkorrari dagokionez, Euskadi Next 21-26 egitasmoan 20 inbertsio jasotzen dira fosil erregaiak baztertzeko eta negutegi efektua eragiten duten gasen emisioa jaisteko, lehentasuna emanez ingurugiroari kalte gutxien egiten diotenak.

Pedro Sanchezekin hitz egin

Bestalde, lehendakariak iragarri du asteazken honetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egingo duela dokumentu hau helarazteko eta erkidegoek Europako funtsen kudeaketan izan beharko luketen paperaren inguruan hitz egiteko "erabateko prestutasuna" agertzeko.

Horren harira, aitortu du orain arte elkarrizketak "erabat zintzoak" izan direla, eta ikusten duela Espainiako Gobernuak badakiela "beharrezkoa" dela erkidegoek kudeaketan parte hartzea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorrak EAEko Aurrekontuak EAEko Udal eta Foru Aurrekontuak Nafarroako Aurrekontuak