Ekonomia -

Lan Eskaintza Publikoa

Arabako Aldundiak enplegu publikoko 80 lanpostu deituko ditu 2021ean

Plaza horietako 57 2019ko Lan Eskaintza Publikoari egokitzen zaizkio, eta beste 23ak 2020ko berriarenak dira. Aukeratze-prozesua, ziur aski, 2021eko bigarren zatian hasiko da.

Arabako Aldundiaren Jauregia. Argazkia: Txus Txasko.
Arabako Aldundiaren Jauregia
Arabako Aldundiaren Jauregia. Argazkia: Txus Txasko.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Aldundiak, 2021ean, administrazio orokorreko bere lantaldeko 80 lanpostu aterako ditu oposizio-lehiaketara. Plaza horietako 57 2019ko Lan Eskaintza Publikoari egokitzen zaizkio, eta beste 23ak 2020ko berriarenak dira.

Aukeratze-prozesua, ziur aski, 2021eko bigarren zatian hasiko da. Dena den, covid-19ak eragindako pandemiaren bilakaerak zehaztuko du hori.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren foru-ahaldun Cristina Gonzalezek asteazken honetan aurkeztu ditu LEP berri honen xehetasunak. Horretan, lanpostu hauek deituko dituzte: Ekonomia eta Enpresako bat, Zuzenbideko lau, Administrazio Orokorreko erdi mailako teknikariko zortzi, Automozioko teknikari espezialistako bederatzi, eta Txoferreko bat.

Oposizio-lehiaketan aterako diren 23 plaza horietatik, 20 sarbide libreko sistemaren bidez esleituko dituzte, eta, gainerako hirurak, barne-sustapeneko sistemaren bidez.

2020ko LEP honetako lanpostuei, 2019ko Lan Eskaintza Publikoan ateratakoak gehitu zaizkie; hortaz, datorren urtean, guztira, sarbide libreko 73 plaza eta barne-sustapeneko zazpi deituko dituzte, kategoria hauetan: Zuzenbideko 15; Ekonomia eta Enpresako 15; -Hizkuntza normalkuntzako teknikarien hiru; Lankidetzako teknikarien bi; Administrazio Orokorreko erdi mailako teknikarien 18; Basozainen 12 plaza; Automozioko teknikari espezialisten bederatzi; eta Txoferren sei plaza.

"Lantaldeari egonkortasuna ematea, eta hori gaztetzeko konpromisoa"

Gonzalezen esanetan, LEP hau onartuta, "lantaldeari egonkortasuna emateko eta hori gaztetzeko konpromisoa" betetzen dute, bai eta "kalitatezko zerbitzu publikoak emateko konpromisoa" ere. Neurria, ahaldunak nabarmendu duenez, ez da aldizkakoa: "Aurreko legegintzaldian abiatutako estrategiaren testuinguruan dago. Asmoa da lantaldearen bitartekotasun-tasa murriztea, eta horren egitura egokitzea, erakundearen beharretara eta herritarren eskarietara".

Gehitu duenez, enplegu publikoaren eskaintzak onartzeko estrategiak jarraipena izango du, "kontuan izanik hurrengo urteotan zenbait langilek erretiroa hartuko dutela", zehaztu du.

Aurreko legegintzaldian, 175 foru-langilek hartu zuten erretiroa, hau da, lantaldeko ia % 20k; aurreikuspena da legegintzaldi honetan joera horri eustea, eta, ondorioz, asmoa da Lan Eskaintza Publikoak urtero deitzea.

Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 60 plazako Lan Eskaintza Publikoa egin du

Halaber, astearte honetan jakitera eman dutenez, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 60 plazako Lan Eskaintza Publikoa egin du, gehienak erizain laguntzaileentzat (50).

2018an eta 2019an egindako deialdiei batuko zaie oraingo hori, haiek ezin izan baitituzte egin pandemiagatik. Hala, guztira 189 lanpostu banatuko dituzte hiru eskaintza publikotan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Lana albisteak Funtzionarioak albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Lan Eskaintzak Arabako Foru Aldundia albisteak