Ekonomia -

Lan-gatazka

55 langile kaleratuta Aernnovan, eta 27 aurretiko erretiro eta sustatutako baja

Bitartean, Jaurlaritzak egotzi dio Enpresa Batzordeari "onartezinak diren jazarpen- eta indarkeria-ekintzak" egitea, enplegu-erregulazioko espedientea kudeatzen ari diren zuzendari batzuen aurka.

Aernnovako langileek egindako protesta bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Aernnovako langileek egindako protesta bat, artxiboko irudian
Aernnovako langileek egindako protesta bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aernnovak Berantevillan (Araba) 82 langileentzat aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedienteak, azkenean, 55 langileri eragingo die; gainerako 27ek, aldiz, erabaki dute kaleratzea saihesteko formulak baliatzea, aurretiko erretiroak eta sustatutako bajak kasu. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak egotzi dio Enpresa Batzordeari "onartezinak diren jazarpen- eta indarkeria-ekintzak" egin izatea, enplegu-erregulazioko espedientea kudeatzen ari diren hainbat zuzendariren aurka.

Enplegu-erregulazioko espedientearen eta Zuzendaritzak proposatutako alternatibak baliatu nahiago izan duten langileen gaineko behin betiko datuak ostegun honetan eman diote jakitera enpresako arduradunek Enpresa Batzordeari, Juan Carlos Gomez horretako presidenteak adierazi duenez.

Aernnovak Berantevillako lantegirako aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedienteak, otsailaren 1ean sartuko da indarrean bera, 101 langileri eragiten zien hasiera batean, baina, gerora, 82ri. Negoziazio-epea akordiorik gabe amaituta, enpresak epea zabaldu zuen, nahi zuten langileek kaleratzea saihesteko formulak aukeratu ahal izan zezaten.

Epe hori bukatuta, Zuzendaritzak iragarri du 27 langilek erabaki dutela aurretiko erretiroak, sustatuko bajak eta antzeko beste formulak baliatzea. Hala, espedienteak, azkenean, 55 langileri eragingo die zuzenean; horien kontratuak, otsailaren 1ean, desagertu egingo dira.

Gomezek iragarri duenez, sindikatuek espedientearen aurkako mobilizazioekin jarraituko dute. Urtarrilaren 4rako, Enpresa Batzordeak elkarretaratzea deitu du, Eusko Jaurlaritzak lan-gatazka honetan erakutsitako jarrera "lotsagarria" dela eta. Gomezek salatu du Enplegu Sailburuordetzak egun horretarako Enpresa Batzordearekin egitekoa zuen bilera bertan behera utzi duela, eta gaitzetsi du Jaurlaritzak enpresaren alde egiten jarraitzen duela.  

Enpresa Batzordeak "jazarpen- eta indarkeria-ekintza onartezinak" gauzatu ditu, Jaurlaritzaren esanetan

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak egotzi dio Enpresa Batzordeari "jazarpen- eta indarkeria-ekintza onartezinak" gauzatu izatea, espedientea kudeatzen ari diren hainbat zuzendariren aurka.

Ekonomia Garapen Saileko iturriek ziurtatu dute Eusko Jaurlaritzako Industria alorreko kideek "sindikatuek eta enpresa-batzordeek eskatutako bilera guztiak" egiten ari direla, eta asmoa dela "laguntzarik handiena ematea".

"Salbuespen bakarra" izan da Aernnovako Enpresa Batzordearekin egitekoa zuten bilera atzeratzea; izan ere, Ekonomia Garapen Sailak ziurtatu duenez, atzerapen horren arrazoia izan da "Batzordeak prozesu honetan erakutsitako beligerantzia; izan ere, onartezinak diren jazarpen- eta indarkeria-ekintzak egin ditu, hainbat pertsonaren eta zuzendariren aurka, eta enpresako hainbat gai-aktiboren kontra".

Ekintza horiek, Jaurlaritzaren esanetan, "Batzordean ordezkaritza duten sindikatuek ez dituzte zalantzan jarri, edo gaitzetsi". Nolanahi ere, Ekonomia Garapen Sailak jarrera "harkorra" izaten jarraituko du, bilera egiteko, "baldin eta tartean dauden gizarte-eragileek jarrera zibilizatu eta errespetuzkoa erakusten badute, gainerako enpresa- eta erakunde-eragileekiko, eta lantaldeko gainerako lankideekiko".

"Enpresaren egoera zaila da, eta eragile guztien jarrera konstruktibo eta kolaboratiboa ezinbestekoa izango da ahalik eta akordiorik onena adosteko", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak Sindikatuen albistea Lan gatazkak