Ekonomia -
'Opor fiskalak'
EBk exijitutako diru-laguntzen % 77 berreskuratu du Bizkaiak
Borondatezko ordainketaren epea amaituta, "opor fiskalen" laguntza jaso zuten 26 enpresetatik 24k itzuli dute dirua, Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatu duenez.
Erredakzioa
Europako Batzordeak Euskadiko "opor fiskalen" harira exijitutako diru guztiaren % 77,4 berreskuratu du dagoeneko Bizkaiko Foru Aldundiak. Borondatezko ordainketa egiteko epea behin amaituta, 26 enpresetatik 24k itzuli dute dirua.
Aburtok adierazi duenez, Europar Batasunari 88,2 milioi euro itzuli behar dizkiote eta, horietatik, Bizkaiak 68,2 milioi euro berreskuratu ditu dagoeneko, kopuru osoaren % 77,4. Diru-laguntzak borondatez itzultzeko epean ordainketarik egin ez dituzten bi enpresek 20 milioi euro ordaindu behar izango dituzte.
Prozesu luze baten ondorioz eta Europako hainbat instantziatan helegiteak aztertu ostean, joan den ekainean eta uztailean zabaldutako epaietan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zituen Euskadiko "opor fiskalak".
Gainera, 90eko hamarkadan Foru Aldundiek enpresei emandako diru-laguntzak itzultzeko exijitu zuen Europar Batasunak. Euskal enpresa horiek ez zuten hamar urtez Sozietateen gaineko Zerga ordaintzeko betebeharrik, honako baldintza hauek beteta: egoitza Euskadin ezartzea, 480.810 euro baino gehiago inbertitzea eta, gutxienez, 10 lanpostu sortzea.
Europako Batzordeak milioi askoko isuna eskatu zuen Espainiarentzat, diru-laguntzak osorik berreskuratu ez dituelako.
Aburtok azpimarratu duenez, Bizkaiko Aldundiak diru-laguntza horiek itzultzeko "borondate sendoa" du enpresa horientzat are kaltegarriagoa izan daitekeen balizko isun bat saihesteko.