Ekonomia -

Segurtasun digitala

Gipuzkoak zibersegurtasuneko "puntako" laborategi berria inauguratu du ZIURren

Azpiegitura horren helburua da industriak, fabrikatzaileek edota zentro teknologikoek erabiltzen eta ekoizten dituzten produktuak eta sistemak probatu, neurtu eta ziurtatu ahal izatea.

Olano eta Goia Koldo Peciña ZIURren zuzendari nagusiarekin batera. Argazkia: EFE
Olano, Goia eta Peciña ZIURren egoitzan.
Olano eta Goia Koldo Peciña ZIURren zuzendari nagusiarekin batera. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak zibersegurtasuneko laborategi "aurreratu eta puntako" berria inauguratu du gaur. Zentroa 2019 amaieran zabaldu zuten, eta azpiegitura berri horrekin jardun betean aritu ahalko da aurrerantzean.

Laborategiak 350.000 euroko inbertsioa izan du, eta gaur bertan hasi da Gipuzkoako enpresa industrialei, fabrikatzaileei eta teknologia zein ezagutza zentroei doako zerbitzua eskaintzen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Donostiako Zuatzu enpresa parkean dagoen ZIUReko instalazio berriak bisitatu ditu, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuarekin, Eneko Goia alkatearekin, Koldo Peciña ZIUReko zuzendariarekin eta Maria Penilla azpiegituraren zuzendari teknikoarekin batera.

Azpiegitura berriak 350.377,85 euroko kostua izan du (BEZa barne), eta Gipuzkoako industria-enpresentzat, zibersegurtasunaren sektorearekin lotutako fabrikatzaileentzat (bai industria-produktuentzat, bai zibersegurtasun-soluzioentzat) eta teknologia- eta ezagutza-zentroentzat da.

Ahaldun nagusiak gogorarazi duenez, zibersegurtasun zentroak lurraldeko 300 industria-enpresa baino gehiago hartu ditu dagoeneko bere bizitzako lehen urtean, eta sektore horri lotutako elkarteekin, klusterrekin, teknologia-zentroekin eta ezagutza-zentroekin lan egiten du.

Olanoren esanetan, 2020an munduak digitalizazio prozesua presaka egin behar izan du, pandemiaren ondorioz. "Gauetik goizera, gure enpresek errealitate berrira egokitu behar izan dute, telelana egin eta harreman-moduak aldatu; horrek esan nahi du, kasu gehienetan, digitalizazio-prozesuetan sakondu behar izan dutela".

"Argi dago abantailak ematen dituela, baina zibersegurtasuna bezalako mehatxuak ere badakartza, eta, hori kontuan hartzen ez bada, enpresaren beraren bideragarritasuna arriskuan jar dezake ", ohartarazi du.

Horren adibide gisa, Olanok gogorarazi du, IBMren ikerketa baten arabera, pandemiaren hasierak zibereraso globalen % 40ko hazkundea ekarri zuela, eta Europan, berriz, % 125ekoa izan zela gorakada hori. Ildo horretan, Gipuzkoak zibersegurtasunaren alorrean dituen "potentzialtasunak" azpimarratu ditu, "arrakasta izateko osagai guztiak" dituela iritzita.

Zibersegutasuna probatzeko tresna

Laborategiari dagokionez, Olanok esan du ziurtapen laborategi bihurtzeko asmoarekin hasi duela bere ibilbidea. "Gure helburua epe ertainean Gipuzkoako industrian erabiltzen diren produktu eta sistemen zibersegurtasuna frogatu, neurtu eta ziurtatzeko tresna bihurtzea da", zehaztu du.

Era berean, proiektu hau Next Generation Euskadi proposamenean sartu dutela esan du. Guztira, 4,6 milioi euroko inbertsioa eta 13,8 milioi euroko zenbatekoa eskatu dute.

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak azpimarratu duenez, "Donostia lurralde industrial baten hiriburua da, eta ezagutza, ikerketa eta zerbitzuak eskaintzen dizkio, enpresek gure mugetan eta mugetatik kanpo punta-puntakoak izatea eragiten duen jarduera garatu ahal izan dezaten".

Zentzu horretan, "ZIURen egoitza hartzea beste urrats bat da ezagutza aurreratuaren hiri gisa eta lurralde osorako zerbitzuen gune gisa egiten dugun apustuan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Donostia Gipuzkoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Internet Industria