Ekonomia -

PROTESTAK

Hiru urte dira pentsiodunen mobilizazioak hasi zirela: 'Ez gara etxera joango'

"Mugimendu sozial bat bihurtu gara, eta sozialki errespetua eta mirespena lortu ditugu", esan du Andrea Uña Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak.

Bilboko pentsiodunak. Artxiboko irudia: EFE
Bilboko pentsiodunak.
Bilboko pentsiodunak. Artxiboko irudia: EFE

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko 100 pentsiodunek baino gehiagok mugimenduaren hirugarren urteurrena ospatu dute astelehen honetan Bilboko Udalaren aurrean, "pentsio duinen sistema publiko baten" aldeko aldarrikapen-mezu berarekin, eta ohar batekin: "Gu nekatzea eta gure etxeetara joatea nahi dute. Baina ez dute lortuko".

"Mugimendu sozial bat bihurtu gara, eta sozialki errespetua eta mirespena lortu ditugu, urte hauetan izan diren gobernu ezberdinengandik izan ezik", esan du Andrea Uña Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak.

Bizkaiko pentsiodunek hiru urte hauetako ibilbideari errepaso txiki bat egin diote. 2018ko urtarrilaren 15ean egin zen lehen kontzentrazioa "egun historiko" gisa definitu dute, eta urte hauetan izandako lorpenetako bat azpimarratu nahi izan dute: pentsioak "gehiago ez okertzea, hainbat urtez izoztuta egon ostean edo 0,25eko igoera kaxkarraren ostean".

Halaber, bozeramaileak ohartarazi du pentsioen oraina eta etorkizuna ilun dagoela, eta mugimenduak "borrokan jarraituko" duela, "indarrez eta duintasunez". 

Elkarretaratzea amaitzeko, Mikel Laboaren "Txoriak txori" abestu dute.

Kontzentrazioa Donostian

Donostian, 200 bat lagunek elkarretaratzea eta manifestazioa egin dute hirigunean, "pentsio duinak" aldarrikatzeko eta mobilizazioen hasieraren hirugarren urteurrena eta "mugimendu eredugarri" horren sorrera ("aniztasuna, batasuna eta iraupena") ospatzeko.

Hala esan du Maria Serranok, Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzarreko bozeramaileetako batek, eguerdian Donostiako Udaletxearen aurrean egin duten elkarretaratzea hastearekin bat.

Kolektiboak 2020an izan dituen gastuen eta diru-sarreren berri eman ostean, Karlos Etxeberriak eta Kontxi Rebollok ohar bat irakurri dute, eta, bertan, "belaunaldi honentzat eta ondorengoentzat pentsio publiko duinen alde hiru urtez egindako borrokarekin pozik" daudela adierazi dute.

Mugimenduak erakutsi duen "kemena eta antolatzeko gaitasuna" azpimarratu dute, eta, euren ustez, pentsioak KPIaren arabera "eguneratzea" ahalbidetu du mugimenduak. Gainera, "alargunen soldata erregulatzailearen kalkulua % 52tik % 60ra igo da" eta "52 urtetik gorakoentzako langabezia saria berreskuratu da".

"Hobekuntza txiki" horiek gorabehera, bozeramaileak onartu du ez dutela lortu "pentsioen sistema publikoa bermatzea", eta Toledoko Itunak egindako azken gomendioez kexatu dira, izan ere, euren ustez, "erreforma berriak" prestazio horiek "murrizteko" egingo dituzte. 

Hori dela eta, otsailaren 13an Hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Erretirodunak azken ordukoa