Publizitatea
Itxi

2021/01/19

14:32

Ekonomia

SALAKETA

Lidlek merkatutik kendu beharko du bere sukaldeko robota

A. S. | EITB MEDIA

Epaiaren arabera, Lidlen robotak Thermomixen "ezaugarri guztiak errepikatzen ditu". Bere eta bere banatzaileen esku dauden ale guztiak merkatutik kentzeko eskatu diote.

  • Lidlek merkatutik kendu beharko du bere sukaldeko robota

    Lidlek merkatutik kendu beharko du bere sukaldeko robota. Irudia: EITB MEDIA

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Bartzelonako merkataritza-auzitegi batek adierazi duenez, Lidlek merkaturatzen duen Monsieur Cuisine Connect sukaldeko robotak Thermomixeko patentearen eskubideak urratzen ditu, eta, ondorioz, supermerkatu kateari robotarekin ale guztiak kentzeko agindu dio.

Bartzelonako merkataritza-epaitegietako patenteetan espezializatutako atalak Vorwerk konpainia alemaniarraren alde egin du, Lidl supermerkatuek (germaniarrak horiek ere) "Monsieur Cuisine Connect" sukaldeko robota merkaturatzeagatik zuten auzian.

Bartzelonako 5 zenbakiko Merkataritza Epaitegiak uste du Vorwerkeko robot ospetsuaren patentea "baliozkoa" dela, "berritasuna eta asmatze-jarduera"ren betekizunak betetzen baititu; Lidl-en robotak, berriz, Thermomixen "ezaugarri guzti-guztiak errepikatzen ditu"; beraz, hura salduta, Lidl "debekatutako asmakuntza hori zuzenean ustiatzeko jarduera egiten ari da".

Horregatik, Monsieur Cuisine Connecten inportazioa, biltegiratzea, eskaintza eta merkaturatzea bertan behera uzteko agintzen dio Lidli, bere eta bere banatzaileen esku dauden ale guztiak merkatutik kentzeko eskatzen dio, eta produktu horren inguruko merkataritza-dokumentu, publizitate-material edo sustapen-material guztiak, Internet barne, suntsitu beharko ditu.

Gainera, Vorwerki eragindako kalte eta galerengatik kalte-ordaina emateko ere eskatu dio Lidli, baina diru kopurua epaia irmoa denean zehaztuko dute.

Thermomixen ekoizleak supermerkatu-kateari robotaren salmenten % 10 eskatzen zion. Lidlek robota salgai jarri eta berehala agortzen zen; izan ere, 360 euro inguru balio du, Vorwerkena baino ia hiru aldiz gutxiago (etxetresna elektrikoak eta etxerako gailuak saltzen dituen konpainia da Vorwerk).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena