Publizitatea
Itxi

2021/01/20

12:09

Ekonomia

TURISMOA

Turismoa % 61 baino gehiago jaitsi da EAEn 2020an pandemiaren eraginez

A. S. | EITB MEDIA

Martxotik aurrera indarrean sartu ziren mugikortasun-murrizketek eragin nabarmena izan zuten hiru lurraldeetan.

  • Donostiako ostalaritza-eraikin bat.

    Donostiako ostalaritza-eraikin bat. Argazkia: Irekia/Eusko Jaurlaritza

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EAEko ostalaritza-establezimenduetako sarrerak eta gaualdiak % 61 baino gehiago jaitsi ziren iaz, covid-19aren pandemiaren ondorioz, Eustaten azken datuen arabera.

Zehazki, bidaiarien sarrerak % 61,1 jaitsi ziren, hau da, 2019an baino 1.946 804 gutxiago, eta gaualdiak % 61,5 gutxiago (3.855 902 gutxiago).

Martxotik aurrera indarrean sartu ziren mugikortasun-murrizketek eragin esanguratsua izan zuten hiru lurraldeetan. Araban, sarrerak % 58,6 jaitsi ziren, eta gaualdiak % 57,1; Gipuzkoan, % 56,9 eta % 59,7 jaitsi ziren, hurrenez hurren, eta Bizkaian are nabarmenagoak izan zen beherakada, bai sarreretan ( % 65,3), bai gaualdietan ( % 64,4).

Atzerritarren sarrerek eta gaualdiek izan zuten beherakada nabarmenena 2020an, % 73,1 eta % 74,5 egin baitute behera. Bizkaia izan zen, halaber, atzerritik etorritako turismoaren beherakadak gehien kaltetu zuen lurraldea, sarrerak % 78 jaitsi baitziren eta gaualdiak, berriz, % 77,8.

2020an eskainitako plazen araberako okupazio-mailak % 24,6 puntu egin du behera 2019. urtearekin alderatuta, eta 27,4 puntu, eskainitako gelen arabera kalkulatuta. Hala, plazen araberako okupazio-maila % 32,8 izan da, eta gelen araberako okupazio-maila, berriz, % 41,0.

Sektoreko errentagarritasun-adierazleei dagokienez, EAEko hoteletako eguneko batez besteko tarifa 72,62 eurokoa izan da 2020an, 2019an baino % 22,3 txikiagoa.

Azkenik, logela erabilgarriaren diru-sarrerak, hotel-establezimenduen okupazio-mailaren araberakoak, 29,79 eurokoak izan ziren 2020an, 2019an baino % 53,4 gutxiago.

Itxitako establezimenduak

2020. urtea hotel-establezimenduen % 41,1 erabat itxita amaitu da, eta % 12,2 2019ko abenduan.

Horrenbestez, udako hilabeteetatik aurrera hasitako joera negatiboak bere horretan jarraitzen du; izan ere, abenduan ekainean erregistratutako itxierak gainditu dira ( % 39,8).

2020ko abenduko balantzeari dagokionez, EAEko hotel-establezimenduetan 56.534 bidaiari izan dira, hau da, 2019ko abenduarekin alderatuta, % 72,9 gutxiago. Urte arteko jaitsiera % 70,6koa izan da Araban, % 73,0koa Bizkaian eta % 73,7koa Gipuzkoan.

Azpimarratzekoa da, batez ere, atzerritarren sarrera eta gaualdien beherakada: % 83,2 sarreren kasuan eta % 83,5 gaualdien kasuan. Bizkaian beherakada nabarmena izan da, % 90 ingurukoa.

% 52,4ko beherakada landa-ostatuetan

2020an, guztira, 68 184 bidaiarik hartu dute ostatu EAEko nekazaritza-turismoko establezimenduetan eta landetxeetan, hau da, 2019. urtearekin alderatuta, % 59,2 gutxiago. Horrenbestez, 2020an izan diren 205.389 gaualdiak % 52,4 jaitsi dira aurreko urtearekin alderatuta.

Nabarmentzekoak dira atzerriko jatorriko gaualdien eta sarreren beherakadak, 2020an % 81,8 eta % 77,9 gutxiago baitira 2019an baino.

Sarrerak % 66,1 murriztu dira Araban, % 63,8 Bizkaian eta % 53,6 Gipuzkoan. Gaualdiei dagokienez, beherakada % 59,1ekoa izan da Araban, % 57,1ekoa Bizkaian eta % 47,5ekoa Gipuzkoan.

Hotel-establezimenduen kasuan bezala, atzerriko jatorriko pertsonen sarrerek eta gaualdiek izan dute beherakadarik nabarmenena, 2019. urtearekin alderatuta: % 81,8 eta % 77,9, hurrenez hurren, EAE osoan.

2020. urtean % 30,7 landa-establezimendu itxi dira, eta aurreko urteko hilabete berean % 15,6 zeuden itxita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena