Ekonomia -

SARIAK

Basque Digital Innovation Hub, Champions Challenge saria irabazteko hautagaietako bat

Eusko Jaurlaritzaren apustu berritzaile bat da, euskal enpresen eraldaketa digital eta jasangarria ahalbidetzeko azpiegitura bat sortzea helburu duena.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EFE
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basque Digital Innovation Hub (BDIH) Europako lau hautagaietako bat da Champions Challenge sarirako. Digital Innovation Hubs DIHnet europar sareak ematen duen sariak nabarmendu egiten ditu Europako enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala bultzatzeko eskualde mailako ekimenak.

Digital Innovation Hub Eusko Jaurlaritzaren apustu berritzaile bat da, euskal enpresen eraldaketa digital eta jasangarria ahalbidetzeko azpiegitura bat sortzea helburu duena. BDIHk lau urte daramatza martxan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen da; Jaurlaritzak eskaintzaren katalizatzaile-lana egiten du, bere gain hartuz eskaintza hori konpainietara helarazteko konpromisoa.

Sariaren ekitaldia urtarrilaren 26 eta 27an egingo da, Europako Batzordeak eta DIHnet-ek urtero antolatzen duten Digital INNovation Hub konferentzian. Konferentzia horretan, Cristina Oyónek (SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendaria eta ekimen honen arduraduna) BDIHren jarduera aurkeztuko du bi saiotan, eta Basque Digital ekimenak garatzen dituen zerbitzuak eta Europako antzeko beste ekimen batzuekin finkatu dituzten kolaborazioak izango ditu hizpide.

Europako Batzordeko presidenteak aitortu du Basque Digital Innovation Hub tresna egokia dela konponbide digital eta jasangarriak probatu eta baliozkotzeko. Ursula von der Leyenek aipamen berezia egin zion eraldaketa digitala bultzatzeko euskal ekimen honi Europako Eskualdeen Batzordearen azken osoko bilkuran; eredutzat jarri zuen Eusko Jaurlaritzak proiektuaren bitartez garatzen duen digitalizazio-politika.

Proiektua

Euskal enpresa txiki eta ertainek aukera dute BDIH sareko 25etik gora kideen —teknologia zentroak, unibertsitatea, prestakuntza zentroak eta enpresetako I+G zentroak— I+Gko teknologia- eta azpiegitura-eskaintzak baliatzeko Basque Digital Innovation Huben bitartez. Eskaintza hori eskuragarri dago euskal enpresek SPRI Taldearen webean ikus dezaketen aktiboen katalogoan. Aktibo horiekin lotutako zerbitzuak arlo hauetakoak dira: Fabrikazio gehigarria, Robotika malgua, Makina adimendun eta konektatuak, Zibersegurtasuna eta Material Aurreratuak. Gainera, bi arlo berri sortzen ari dira: sare elektriko digitalei buruzkoa, bata, eta gailu mediko digitalei buruzkoa, bestea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak