Ekonomia -

KORONABIRUSA

ABEEak osatzeko laguntzak luzatu ditu Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak

Gainera, krisian dauden sektoreetan lan egiten dutenen prestakuntza eguneratzeko eta birkokatzeak egin ahal izateko programa ere onartu du.

Elkarrizketa sozialaren mahaiaren bilera. Argazkia: EFE
Elkarrizketa sozialaren mahaiaren bilera
Elkarrizketa sozialaren mahaiaren bilera. Argazkia: EFE

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldi baterako lan erregulazioko espedientean (ABEE) egon eta urtean 20.000 eurotik beherako irabaziak dituzten langileei diru-sarrerak osatzeko proposamena berretsi du Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak, gaurko bileran. Horrez gain, krisian dauden sektoreetan lan egiten dutenen prestakuntza eguneratzeko eta birkokatzeak egin ahal izateko programa ere onartu du. Gainera, lantalde berri bat sortzea erabaki du, lana eta familia bateratzeari buruzko gizarte politikak adosteko.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak, Mahaiko presidentea den aldetik, foro horren lehenengo bileran hartutako erabakiak azaldu ditu. Batzar horretan parte hartu dute, besteak bestea, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak.

Gizarte eragileen aldetik parte hartu dutenak hauek izan dira:  Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea, Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusia eta Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusia.

Berehala martxan jarriko diren neurriei dagokienez, Elkarrizketa Mahaiak berretsi egin da Lan eta Enplegu Sailak bidalitako proposamena. Horren arabera, urtean 20.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten eta Aldi baterako lan erregulazioko espediente baten pean dauden langileei soldata osatu egingo zaie, maiatzaren 31ra arte.

Era berean, oniritzia eman dio krisian dauden sektoreetako langileen prestakuntza eguneratzeko eta birkokatzeko programari. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan bi milioi euroko diru partida gorde dute horretarako eta beste bi milioi eurokoa, hurrengo urterako.

Mendiak azaldu duenez, programa pilotu bat abiatuko dute metal arloko langileekin eta aurrerago beste sektore batzuetara zabaltzea aurreikusten dute,  Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsak (GEEF) aurreikusitakoaren arabera.

Enpresa bakar batean (hornitzaileak eta produktuen eraldatzaileak barne) 500 langile baino gehiago kaleratzen direnean edo eskualde batean edo inguruko batzuetan sektore jakin bateko langile askok lana galtzen dutenean jo daiteke funts horretara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Confebask bideoak Idoia Mendia ABEEE kasuak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Sindikatuak Espainian CCOO sindikatua UGT Langileen Batasun Orokorra Koronabirusaren Eris aldaera gaur