Publizitatea
Itxi

2021/01/28

16:48

Ekonomia

Osakidetza

"Behin-behinekotasuna" eta "negoziazio eza" salatu dute Osakidetzako sindikatuek

EITB MEDIA

Osakidetzan lanuztea deitu duten ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek onartu dute grebak ez duela eragin bera izan zerbitzu guztietan: lehen arretan jarraipena handiagoa izan da ospitaletan baino.

1:25
Bilbo, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Osakidetzan ostegun honetarako deitutako grebak % 3,3ko jarraipena izan du goizeko txandan, Osasun Sailak aditzera eman duenez. Hiru lurralde historikoetan oso antzekoa izan da lanuztearen jarraipena, eta bereziki erizaintzan izan du eragina.

Langileen % 3k egin du greba Araban, % 3,7k Bizkaian eta % 2,8k Gipuzkoan.

Lan arloak kontuan izanda, Osasun Sailak jakinarazi du sendagileen % 1,28k egin duela bat deialdiarekin. Erizaintzan, berriz, % 4,8k babestu du lanuztea. Gainerako zerbitzuetan, % 5,7koa izan da jarraipena.

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dituzte gaurko antolatutako mobilizazioak. Guztira 42.600 langile zeuden deituta, Osakidetzan dituzten "egiturazko arazoei benetako irtenbide bat" ematea eskatzeko; izan ere, pandemiaren ondorioz, okerrera egin du zerbitzuak, sindikatuen esanetan.

"Beharginen prekarietatea" salatzeaz gain, osasun publikora bideratutako diru partida handitzea eskatu zuten urrian eta azaroan lurraldeka egin zituzten lanuzteetan: urriaren 29an, Araban; azaroaren 5ean, Gipuzkoan; eta azaroaren 12an, Bizkaian. Gaurko greba deialdiak, ostera, Osakidetzako zentro guztiei eragin die

Grebak ez du zerbitzu guztietan jarraipen bera izan, sindikatuen arabera

ELAk Euskal Osasun Zerbitzuan duen arduradun Esther Saavedrak argi utzi du gaurko lanuztearen jarraipena ez dela zerbitzu guztietan berdina izan.

Halaber, kritikatu du Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla, eta "bizi dugun pandemia egoera honetan" lan karga handiena duten beharginek ez dutela greba egiteko aukerarik izan.

Gasteizen, ehun bat pertsonak hartu dute parte Txagorritxuko ospitaletik "Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde" lelopean abiatu den manifestazioan.

Bilbon, bestalde, ehunka lagun bildu dira, Jaurlaritzaren egoitzatik hasita, Kale Nagusia zeharkatu duen martxan. Mobilizazioarekin bat egin duten sindikatuek, ozen defendatu dute gaurko greba deialdia, Osakidetzan aldi baterako lan kontratuak nagusitzen direlako eta 2009az geroztik ez dituztelako beharginen lan baldintzak negoziatu. Halaber, covid-19aren aurkako txertaketa kanpainan nagusi den "kontrol eza" kritikatu du, CCOO sindikatuko Iñigo Garduñok.

Amaia Mayor Satseko bozeramailearen iritziz, "Osakidetzan geroz eta okerragoa da egoera: ez dituzte lantaldean dauden arazoak konpondu, ez dituzte beharginen baldintzak negoziatu nahi. Osakidetzak pandemiari aurre egiteko duen estrategia bakarra langileak esplotatzea da", salatu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena