Ekonomia -

2021eko aurrekontua

EAJk eta PSEk gehiengoa baliatu eta oposizioaren zuzenketa guztiak errefusatu dituzte

Oposizioak, 1.300 zuzenketa partzial aurkezteaz gain, Jaurlaritzaren proiektuaren aurka jo du, pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko gastu publiko nahikorik ez duela iritzita.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua. Argazkia: EiTB
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua. Argazkia: EiTB
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baliatu eta atzera bota dituzte, espero zen moduan, oposizioko taldeek 2021eko aurrekontu proiektuari aurkeztutako 1.300 inguru zuzenketa partzialak. Gobernutik kanpo dauden alderdiek berriro errefusatu dute Jaurlaritzaren proiektua, pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko gastu publiko nahikorik ez duela iritzita.

Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu batzordean bozkatu dituzte zuzenketa partzialak, eta azken izapide hori beteta, otsailaren 11n onartuko dituzte EAEko Aurrekontuak osoko bilkuran.

EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren, PP+Cs-en eta Voxen zuzenketak, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetarako babesak lortzeko abian jarritako negoziazio prozesuak porrot egin ostean.

Azken urteotan zuzenketen izapide horretan gertatzen ari den moduan, akordio bakarra lortu dute Saharako Errepublika Demokratiko Arabiarreko Lagunen Elkarteari 220.000 euroko diru-laguntza emateko. Talde guztiek babestu dute, Voxek izan ezik.

Oposizioaren zuzenketek 1.200 milioi euroren erabilera aldatzea proposatzen zuten.

EH Bilduk 40 zuzenketa aurkeztu ditu batzordean 430 milioi euro lekualdatzeko. Besteak beste, Osasun Saila indartzeko 140 milioi gehiago bideratzea proposatzen zuen, 200 milioi covid-19ak gehien kolpatutako sektoreen erreskatea finantzatzeko, 50 hezkuntzarako, eta beste 20 gazteak babesteko.

Josu Estarrona koalizioaren legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari gehiengo osoan eroso egotea egotzi dio, eta gai ez izatea gainerako taldeen babesa lortzeko. Gainera, Urkulluren lantaldeari esan dio "errealitateak gainez" egin diola eta aurrekontuak "zaharkituta" daudela.

Elkarrekin Podemos-IUren 226 zuzenketetan 220 milioiren erabilera aldatzea proposatzen zen, larrialdi sozialera, DBEra, Emakundera, enplegua sustatzera, osasunera eta trantsizio ekologikora bideratzeko.

David Soto alderdi moreko legebiltzarkideak uste du aurrekontuetan agertzen den gastu publikoa txikiegia dela; zorpetze handiagoa eskatu du eta Eusko Jaurlaritzari susperraldi ekonomikoaren buruzagitza hartzeko "ausardia" falta leporatu dio.

PP+Cs-en 836 zuzenketek 400 milioi eurori eragiten zieten, eta tartean Osasun Sailera beste 100 milioi bideratzea, ostalaritza erreskatatzeko beste 70 milioi jartzea, eta autonomoentzako 65 milioi ematea proposatzen zuen.

Carmelo Barrio bozeramaileak salatu du Eusko Jaurlaritza "harrokeria politikoz" jokatzen ari dela "negoziaziorik ez" duelako egin PP+Cs-ek laguntza eskaini dion arren eta pandemiak "umiltasuna" eskatzen badu ere.

Voxen aldetik, Amaia Martinez legebiltzarkideak "enpresak eta familiak aurrean" jartzeko sartu dituen 200 milioi euroko balioko 217 zuzenketak defendatu ditu.

Itxaso Berrojalbizek (EAJ) eta Sonia Perezek (PSE-EE) erantzun dute aurrekontuek osasun eta ekonomia krisiari aurre egiteko baliagarriak direla, eta 10 eurotik 8 gastu sozialera bideratuko dituztela.

2021eko aurrekontuak 12.442 milioi euro izango ditu, 2020an baino % 5,7 gehiago, eta erkidegoak sekula izan duen kopuru altuena. Gastu errealaren gorakada 770 milioi eurokoa da, defizita % 2,2ra eta zorpetzea handitu delako, ia hirukoiztu egin baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox EAEko Aurrekontuak