Publizitatea
Itxi

2021/02/22

16:39

Ekonomia

Enplegu publikoa

Administrazio publikoan behin-behinkotasuna murrizteko legea azaldu du Garamendik

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Zortzi urteko antzinatasuna duten beharginek proba praktikoa soilik egin beharko dute lan-deialdi publikoetan, Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuaren arabera.

  • Arabako Foru Aldundiak egindako lan-deialdi publiko bat.

    Arabako Foru Aldundiak egindako lan-deialdi publiko bat. Argazkia: Arabako Aldundia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarrean, administrazio publikoan behin-behinekotasuna murrizteko eta lanpostuak egonkortzeko Eusko Jaurlaritzak joan den abenduan onartu zuen  lege-proiektuaren xehetasunak azaltzeko.

Garamendik onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoan behin-behinekotasun tasak "altuak" direla eta "arazo horri aurre" egin behar zaiola.

Sailburuak uste du araudi berriarekin lantaldeak "hobeto ordenatuko" direla eta beharginek lanpostua egonkortzeko aukera izango dutela.  

Etorkizuneko legeak gaur egungo talde eta azpitaldeen kopurua sinplifikatu nahi du; beraz, 2 kidego profesional egongo dira, eta, horien barruan, 54 eskala:

Kidego orokorra: administrazio-jarduerari lotutako eginkizunak betetzen dutenak hartuko ditu barnean. Kidego horrek lau eskala profesional izango ditu: administrazioko goi mailako eskala, administrazio kudeaketakoa, administraziokoa eta administrazio-laguntzakoa .

Kidego berezia: lanbide bati edo lanpostu jakin batzuei buruzko ezagutza espezifikoa eskatzen duten eginkizunak betetzen dituena. Kidego honek 50 eskala profesional bereiziko ditu, hala nola, farmazia, meatzeak, haziak, juridikoa, kartografikoa, medikuntza, hirigintza...

Lege proiektuak bi xedapen gehigarri ditu eta horiei esker lan-eskaintza publikoetan sartzeko txanda bereziak sortu ahal izango dira, deitutako plazen kidego eta eskaletan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten behin-behineko langileentzat.

Behin-behineko langileak plantillaren % 40 baino gehiago direnean zabalduko da aukera. Prozesuak proba praktiko bakarra izango du, deialdi bakoitzeko lanpostuetako ohiko prozedurekin, zereginekin eta eginkizunekin lotuta. Lehiaketa-oposizioen barruko kanporaketa-proba izango da.

Praktikan, enplegua finkatzeko bide bat izango da, gaur egun bitarteko langileek betetzen dituzten eta administrazioan balio handiko esperientzia eta ezagutza ematen duten lanpostuetan. Arau honek beharrezko estaldura emango dio prozesu honi berme juridikoarekin aurre egiteko, beti ere Funtzio Publikoan zuzendu behar diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz.

Oposizioko taldeek hausnarketa sakonagoa eta adostasunak behar direla azpimarratu dute

Bestalde, talde parlamentarioen txandan, Pacis Garcia EH Bilduko ordezkariak esan du administrazio publikoan behin-behinekotasun tasa “onartezina” dela eta erantsi du “arazo konplexu” honek adostasunak eskatzen dituela. Hala, gogora ekarri du Jaurlaritzaren egitasmoak ez duela gehiengo sindikalaren babesa.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ekimena positibotzat jo du, langileei lanpostua egonkortzeko aukera ematen zaielako, baina ohartarazi du arazo honi konponbidea emateko “neurri gehiago” eta “politika ezberdinak” ezinbestekoak direla.

Luis Gordillo PP+Cs koalizioko parlamentariaren iritzian, Eusko Jaurlaritzak “analisi zorrotzagoa” egin beharko luke behin-behinekotasun tasa altu hori zeren ondorio den argitzeko eta lan-deialdi publikoak egiteko prozesua berraztertu beharko litzatekeela gaineratu du.

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena