Ekonomia -
Bilera Madrilen
Lan-erreformaren aldeko Rajoyren apustua babestu du EBk
Erreformen eta enpresa txiki eta ertainen internazionalizazioaren alde Gobernuko hurrengo presidenteak egindako apustua babestu du Antonio Tajani Europako Batzordeko presidenteordeak.
Erredakzioa
Lan eredu berri baten, erreforma sorta baten eta enpresa txiki eta ertainen internazionalizazioaren alde Mariano Rajoy Gobernuko hurrengo presidenteak egindako apustua babestu du gaur Antonio Tajani Europako Batzordeko presidenteordeak.
Rajoyk eta Tajanik ordubeteko bilera egin dute arratsaldean PPko egoitzan, Madrilen.
Euroguneko etorkizun ekonomikoa hizpide izan dute bi buruzagiek elkarrizketan. Eurogunea merkatuen erasoa jasaten ari da eta Europako Banku Zentralaren paperaren inguruko eztabaida puri-purian dago. Erakunde horrek Gobernu ekonomikoan paper garrantzitsuago bat jokatu behar duela adierazi dute Tajanik eta Rajoyk.
Italiako komisarioaren hitzetan, EBZk "ongi" lan egin du egonkortasunaren eta inflazioaren alde, baina Erreserba Federal batean bihurtu behar da, AEBtako eredua jarraituz.
Batasuna eta EBZren sendotzea
Tajaniren ahotan, Europa bat eginda mantentzea ezinbestekoa da. Horregatik, bi abiadurako EB baten aurka azaldu da, nahiz eta Alemaniak eta Frantziak eredu hori defendatu. "Europaren indarra batasuna da, euroa defendatzeko bat eginik mantentzea, alegia", adierazi du.
"Lankidetzarik ez badago, espekulatzaileei irabaztea ezinezkoa izango da", azaldu du Tajanik. Abenduaren 9ko goi-bileratik jarrera amankomun indartsu bat atera behar dela erantsi du Europako Batzordeko presidenteordeak.
EBZren sendotzea eta batasuna defendatu dute Tajanik eta Rajoyk eta gaia hizpide izan dute bileran, PPko egoitzan.
Bestalde, Espainiako industria sektorea berrikuntzara eta ikerketara bideratu behar dela uste dute bi agintariek. Turismoa eta nekazaritzako elikagaien sektorea indartu behar direla erantsi dute.