Ekonomia -

Lan-ezbeharrak

Gehiengo sindikalak salatu du geldialdi ekonomikoan ere ez direla eten lan-istripuak

EAEn, istripu arinak % 18,7 murriztu ziren iaz, baina hildako kopuruak % 10 bakarrik egin zuen atzera; eta istripu larriak ugaritu egin ziren % 4,3.

Kamioizale baten lan-istripua. Argazkia: EiTB
Kamioizale baten lan-istripua. Argazkia: EiTB
Kamioizale baten lan-istripua. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dute pandemiaren ondorioz izan den geldialdi ekonomikoak ez duela lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen "sarraskia gelditu".

Elkarrekin egin duten agerraldi batean azaldu dutenez, pandemiak guztia "baldintzatu" zuen, eta ekonomia arloan mugikortasunaren mugek eta jarduera batzuei jarritakoek "oso ondorio txarrak" izan dituzte, bai enpresentzat bai langileentzat, "lantegiak itxiz, kaleratzeekin eta lan erregulazio txostenekin".

Sindikatuek adierazi dutenez, "lan jarduerari jarritako mugak muga", 2020an izan diren lan-istripuetan ez da igarri. Izan ere, sindikatuen arabera, istripuen eta gaixotasun profesionalen datuak "hobetzetik urrun" geratu dira Hego Euskal Herrian: "Okerrera egin dute, murrizketekin harrigarria badirudi ere".

Azaldu dutenez, lan-ezbeharren beherakada % 20koa izan da 2019aren aldean, urtarriletik irailera, erakunde publikoen datuen arabera.

Gora egin duen bakarra Bizkaian lan-istripuz hil direnen kopurua izan da, eta lanera bidean edo lanetik bueltan gertatutako heriotzak % 50 ugaritu dira.

Hala eta guztiz ere, sindikatuek aztertutako datuek erakusten omen dute egoerak "nabarmen okerrera" egin duela eta hildakoen kopurua hazi egin dela 2019koaren aldean, "jarduera geldirik egon bada ere".

Gaixotasun profesionalen kasuan, gutxienez 28 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako gaixotasunengatik, baina erregistro ofizialetan "ez da agertzen arazo larri honen errealitatea". Gainera, ezin omen da jakin zenbat pertsona hil diren koronabirusa lanean hartuta.

Hori horrela, datu "larriak" eskuartean, salatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak prebentziora bideratutako dirua "hutsaren hurrena" dela.

EAEn baja eragin duten lan-istripu guztiak aintzat hartuta, "in-itinere" izandakoak barne, 29.979 arinak izan dira (% 95), 196 larriak, eta 27 pertsona hil dira. 2019ko datuen aldean, istripu arinen beherakada % 18,7koa izan da, hildako kopuruak % 10 bakarrik egin du atzera eta istripu larriak % 4,3 ugaritu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak ESK