Ekonomia -
CORRUGADOS AZPEITIA
Azpeitiko alkateak Corrugadosen inguruko "eztabaida publikoa" eskatu dio Tapiari
Nagore Alkortak argi utzi du Azpeitiko Udalak interes handia duela Corrugados lantegia Azpeitian irekitzeko eta harrituta agertu da "EAJk abiatutako zurrunbilo mediatikoarengatik".
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Corrugados Azpeitia enpresa mitikoa berriro irekitzeko aukerak zeudela zabaldu zen martxoaren 6an eta geroztik, ezustean, euskal alderdien eztabaida mahaira salto egin du gaiak. EAJk proiektuak aurrera egiteko "borondate politiko falta" egotzi dio EH Bilduri, eta koalizio subiranistak "errespetua" eskatu du, egungo lokalizazioan irekitzea "legez kanpokoa" dela gogoratuz. Gai honekin "etekin politikoa" atera nahi izatea leporatu dio EH Bilduk EAJri.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak (EH Bildu) gutun irekia publiko egin du larunbat honetan, EAJren jarrera salatuz: "Oraindik inplikatutako erakunde guztion arteko bilera bakar bat egin gabe zegoenean, eta oraindik enpresak ez negozio planik, ez txosten teknikorik, ezta bideragarritasun planik ere aurkeztu ez duenean, gaia komunikabideetara eramatea erabaki zuen EAJk. Eta ikusi denez, geroztik lan gehiago eginarazi digute komunikabideei erantzuten, benetan enpresa martxan jartzen baino".
Udalaren jarrera teknikoki azaltzeko baliatu du alkateak gutuna eta Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurugiro sailburuari eztabaida publikoa proposatu dio, haren azken adierazpenak ikusita: "Hedabideetan, adierazpen laburren bitartez eztabaida juridiko bat emateko aukerarik ez dagoenez, sailburuak publikoki debate juridiko honekin jarraitu nahi badu, gutxienik, eskatu nahi nioke, egin dezagula baldintza berdinetan: errespetuz, aurrez aurre eta beharrezkoa den denbora tartearekin. Azpeitiarren interesekoa litzatekeelakoan, Azpeitiko Udala prest legoke eztabaida publikoa gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren instalazio eta baliabide guztiak jartzeko".
Corrugadosek planta berria lehengo tokian ireki dezakeen edo ez dago eztabaidaren oinarrian. Azpeitiko Udalak argi utzi du 2013an onartutako Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, legez kanpokoa litzatekeela enpresa hirigunean berrirekitzea.
Arantxa Tapia sailburuak, ordea, Plan Orokor horrek ez duela irekiera galarazten defendatu du egun hauetan komunikabideetan eta proiektuak aurrera ez egiteko oztopoak "politikoak bakarrik" direla salatu du.
Sailburuaren adierazpen horien aurrean, Udalaren jarrera ikuspuntu juridikotik azaldu du gutunean Alkortak: "Nahiago nuke gaia komunikabideetatik atera eta diskrezioz lantzen ariko bagina. Izan ere, aitortuko dizuet, ez naiz batere gustura sentitzen inora ez garamatzan katramila mediatiko honetan. Nik arlo juridikoan dut formazioa. Hamahiru urtez izan naiz Gipuzkoako udal bateko idazkaria. Umiltasunez, baina uste dut badudala ezagutza udaletan ohikoenak diren prozedura administratiboen eta urbanistikoen inguruan. Izan ere, idazkariaren funtzioa da udalek hartzen dituzten erabakiei berme juridikoa ematea".
Hala, urtarrilaren 27ko 14/2009 Dekretuaren eta 2013ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak xehatzen ditu Alkortak gutunean, legez zergatik ezin den planta hori berriz ere herrigunean ireki argudiatzeko. Era berean, Plan Orokor hori EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zutela gogorarazten du eta ondorioz, "aplikatu beharreko arau" bilakatu zirela.
Udalarekiko eta herritarrekiko "errespetua" eskatzen du Azpeitiko alkateak eta larritzat jotzen du Tapiak, "bere eskumenetatik harago joanez", "Udalaren autonomia zalantzan jartzea"."Azpeitiko Udaleko teknikari eta ordezkari politikoon zintzotasuna eta ardura publikoa zalantzan jartzea ez delako onargarria. Eta Azpeitiko herriarekiko, bere garaian Corrugadosen itxiera dramatikoa izan zelako, langileek eta beren familiek, azpeitiarrek, sufritu zutenarekiko errespetua behar delako. Orain, proiektu errealik gabe, gaia astintzeak lehengo zauriak ere berritu ditzakeelako" dio gutunean.
Amaitzeko, elkarlanerako deia egin du Alkortak: "Ez nuke amaitu nahi, elkarlanerako eskua luzatu gabe. Gutunaren hasieran esan bezala, Azpeitiko Udala prest dago, beharrezkoak diren baldintza guztiak beteta, Corrugadosen irekieraren alde lan egiteko. Benetan borondaterik eta proiektu industrialik balego, eseri eta jarri gaitezen buru belarri lanean. Eman diezaiogun bultzada berri bat Azpeitiko herriari".