Ekonomia -

Eraikuntzaren sektorea

Inbertsio-ahalegina berreskuratzeko eskatu diote eraikitzaileek Administrazioei

Iñaki Urresti Ascobiko idazkari nagusiak azaldu duenez, hiru urtez gorantz egin ostean, euskal eraikuntzak krisi pandemikoaren eragina jaso du, jarduera murriztuz.

Inbertsio-ahalegina berreskuratzeko eskatu dute eraikitzaileek. Artxiboko irudia: EFE
Inbertsio-ahalegina berreskuratzeko eskatu diote eraikitzaileek Administrazioei
Inbertsio-ahalegina berreskuratzeko eskatu dute eraikitzaileek. Artxiboko irudia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal eraikitzaileek obra publikoan eta etxebizitzan inbertitzeko ahalegina berreskuratzeko eskatu diete Administrazioei, pandemiaren eraginez sektoreak aurten bizi duen ziurgabetasunari aurre egin ahal izateko.

Hala adierazi du Iñaki Urresti Ascobi Bizkaiko Eraikitzaileen eta Sustatzaileen Elkarteko idazkari nagusiak, eraikuntzaren sektoreko iazko txostenaren aurkezpenean.

Urrestik azaldu duenez, hiru urtez gorantz egin ostean, EAEko eraikuntzak pandemiak eragindako krisia bizi du, jarduera murriztu egin baita, nahiz eta enpleguari eutsi.

Zehazki, % 24 murriztu da EAEn eraikuntza, bai iaz lizitatutako obra publikoaren zenbatekoari dagokionez, bai etxebizitza berrien ekoizpenari dagokionez.

Koronabirusaren pandemiaren lehen egunetan, lizitaziorako administrazio-prozedurak geldiarazi ziren, eta, ondoren, oso astiro berraktibatu ziren.

Baimen berririk gabe, iaz jada lizitatuta zegoen obra eta etxebizitzatik tira eginez egin diote aurre egoerari, baina, Urrestik azaldu duenez, jaitsiera hori mantentzen bada, "bi hilabeteko epean eraikuntza jarduerak behera egingo du argi eta garbi".

Horregatik, administrazio publikoen eta etxebizitzen inbertsio ahaleginari eustea eskatu du, enpresa eraikitzaileen eskari zorroak berritzeko.

Iaz murriztu egin ziren bai obra publikoak (2019an 1.316 milioi euro lizitatu ziren, eta 2020an 1.002ra jaitsi zen), baita etxebizitza berrien ekoizpena ere. Azken honek minimoetan jarraitzen du eta eraikitzen den guztia saltzen da.

Datuei erreperatuz gero, iaz 4.793 etxebizitza egiten hasi ziren EAEn, % 24 gutxiago. Horietatik, 3.931 libreak izan ziren eta 862 babestuak, -% 6 eta -% 60, hurrenez hurren. Hori dela eta, administrazioei dei egiten die inbertsio-ahalegina berreskura dezaten.

Ascobik hiru neurri zehatzen alde egin du: lurzoruaren erreserba-ehunekoak egungo beharretara egokitzea; babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak egungo eraikuntza-kostuetara egokitzea, hamar urtez izoztuta egon ondoren; eta lizentziak eta baimenak arintzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Etxebizitza gaur