Ekonomia -
Lan-istripua
Langile bat larri zauritu da Mercedes Benzen Gasteizko lantegian
Behargina ZIUn dago, ebakuntza egin ostean, baina sindikatuek jakinarazi dute bere egoera egonkorra dela.
agentziak | eitb media
Gasteizko Mercedes Benzen lantegian langile bat larri zauritu da gaur goizaldean eta ZIUn dago, makina batek harrapatu ostean.
Automobilgintza multinazionalak jakinarazi duenez, ezbeharra 5:08an gertatu da, 9. linean. Muntaiaren azken pausua ematen da hor, lantegian ekoizten diren furgonetei gurpilak jartzen zaizkie.
Lankide bat segituan ohartu da gertatu denaz, eta makina gelditu du, baina beranduegi izan da, eta zenbait tonatako piezak mugitzeko gai den pintzak gorputzaren zati bat zanpatu dio beharginari.
Larrialdi zerbitzuak lantegian bertaratu dira, eta zauritutako langilea Txagorritxu ospitalera eraman dute.
Sindikatuen esanetan, ebakuntza egin diote bertan, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean dago, egonkor.