Ekonomia -

DIGITALIZAZIO PLANA

Jaurlaritzak 1.400 milioi euro bideratuko ditu 2025era arte eraldaketa digitalerako

Onartutako planak 18 ekintza-ildo bildu ditu, eta, besteak beste, Adimen Artifizialeko Zentroa sortzea eta 5Ga enpresa-eremuen erdira zabaltzea jasotzen ditu.

Tapia, Zupiria eta Sagardui, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, gaur. Argazkia: Irekia
Tapia, Zupiria eta Sagardui, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, gaur.
Tapia, Zupiria eta Sagardui, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, gaur. Argazkia: Irekia

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko eraldaketa digitalera 1.423 milioi bideratzea adostu du Eusko Jaurlaritzak, hemendik eta 2025era arte, “Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia” planean jaso bezala. Arantxa Tapia buru duen Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatu du plana eta gaur goizean Gobernu Kontseiluak onespena eman dio.

Legebiltzarrean den planak lau jarduera-eremutan antolatutako 18 ekimen zehatz biltzen ditu, eta horiek denek helburu izango dute “herrialdearen lehiakortasuna handitzea eta arrakala ekonomiko eta soziala murriztea”; era berean, Tapiak azaldu duenez, “digitalizazioa gizarte- eta lurralde-kohesiorako aktibo bihurtzea” nahi da.

Onetsi diren ekintzen artean nabarmentzekoa da Basque Artificial Intelligence Center (BAIC)-en sorrera. Esperimentazio-laborategi gisa funtzionatuko du, eta alor horretako proiektuak bizkortuko ditu.

Industria-mailan digitalizazioa sustatzeko neurriak ere jaso dituzte, enpresa ertain eta txikien digitalizazioa bultzatzera bideratuak, batez ere. Hala, helburutzat ezarri dute 2025erako 5Garen estaldura Euskadiko industria-guneen erdira hedatzea. Langileei IKT prestakuntza eskaintzen dieten enpresa txiki eta ertainen ehunekoa % 19,7tik % 30,7ra igotzea da beste helburuetako bat, bai eta enpresa txiki eta ertainen % 60k hodeian kokatutako informatika-zerbitzuak erabiltzea ere.

Data Center deiturikoak eratzea ere jasotzen du planak, datuen kudeaketa hobetzeko beharrezko teknologia sortzeko azpiegitura publiko-pribatuak.

Era berean, lehendik martxan zeuden hainbat ekimenetan sakonduko da, hala nola Basque Cybersecurity Centre (BSCS)-en, Banda Zabal Ultralasterreko Behatokian eta Metaposta zerbitzuan.

Tapiak gogorarazi du koronabirusaren pandemiak bizkortu egin duela Euskadin jada martxan zegoen digitalizazio-prozesuaren erritmoa eta ikuspegia: "Tresna digitalen aukerak ikusi dira, baina arlo horretan dauden desberdintasunak ere nabarmendu dira", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak IA berrikuntzak gaur