Ekonomia -
Arrantza
Hiru euskal atunontzientzako "baimenak" eskatu dizkie Jaurlaritzak Kanariei
Hiru atunontziak Kanarietara abiatu ziren, “jardueraren zati bat berreskuratzeko” asmoarekin, Senegalek debekualdia ezarri ondoren, Exekutiboak azaldu duenez.
EiTB Media | Agentziak
Hiru euskal atunontzik Kanarietako uretan karnata arrantzatu ahal izateko, “beharrezko baimenak” eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzak bertako Gobernuari. Hiru atunontziak Kanarietara abiatu ziren, “jardueraren zati bat berreskuratzeko” asmoarekin, Senegalek debekualdia ezarri ondoren, EAEko Exekutiboak azaldu duenez.
Fernando Gutierrez Hierroko Virgen de los Reyes Kofradiako patroi nagusiak Angel Victor Torres Kanarietako presidentearen bitartekaritza eskatu zuen, Aita Fraxku Hondarribiko (Gipuzkoa) atunontzia ustez legez kanpo ari delako arrantzan, bertako uretan.
Gutierrez probintziako arrantzaleen Federazioko bozeramaileak azaldu zuenez, dagoeneko euskal ontziak lehen deskarga egin du Santa Cruzeko portuan, "Europako eta Espainiako arrantza legeak urratuz".
Gainera, une hauetan Lanzaroteko Arrecife portuan beste bi atunontzi daude; "hornitzen ari dira arrantzan egiteko, ustez Kanarietan", salatu zuenez.
Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko iturriek azaldu dutenez, iragan urtera arte Senegaleko kostaldean arrantzatzen zuen atunontzien flota zortzi itsasontzik osatzen dute. EBk eta Afrikako herrialdeak sinatutako arrantza akordioaren babespean lanean ari ziren. Hegalaburra “bana-banan” kañuberakin arrantzatzen dute “Kanarietako eta Kantauriko flotek bezalatxe”. Seik atunontzik portua Euskadin dute, beste batek Kantabrian, eta zortzigarrenak Frantzian.
Senegalen debekualdia
Iturriek erantsi dutenez, iaz “aldebakarreko erabakian”, Senegaleko Ingurumen Ministerioak debekualdia ezarri zuen, arrantza komertzialean zein karnatan, Dakarreko badiatik gertu.
Zonaldean, konkretuki, atunontziek “sardina eta txitxarro txikiak” harrapatzen zituzten, “ontzietako haztegietan bizirik mantendu, eta ondoren amuetan erabiltzeko, hegalaburrak arrantzatzeko”. Kanarietan zein Ipar-mendebaldeko kalan erabiltzen den arrantza teknika da.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, orain “Senegalen aldebakarreko erabakiaren ondorioz ontziek ezin dute karnatarik harrapatu”. Europako Batzordea, Arrantza Akordioko Batzorde Mistoren markoan, Afrikako herrialdearekin negoziatzen hasi zen, “arazoari konponbide bat bilatzeko”.
“Negoziazioek jarraitzen dute, baina oraingoz ez dute emaitzarik eman; ondorioz, itsasontziek ezin dute arrantzatu”, zehaztu duenez.
Arrazoi horrengatik Euskadiko hiru atunontziek “Senegaleko urak uztea erabaki dute, eta Kanariar Uharteetara abiatu dira, jardueraren zati bat berreskuratzeko asmoz”. Hala ere, ez dute arrantzatu, ontziak hornitu baizik, erantsi duenez.
“Horretarako, Senegaleko uretan bezalaxe, lehenago karnata arrantzatu beharra dute, ondoren hegalaburrak harrapatzeko”, Sailak azpimarratu duenez.
Kanariar Uharteek baimenei buruz galdetu dute
Kanarietako Gobernuak formalki eskatu dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari Dakarren (Senegal) lan egiten zuten euskal atunontziei Kanarietako eremuan arrantza egiteko eman ahal izan dizkien baimenei buruzko informazio guztia.
Ohar baten bidez, Kanarietako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Sailak bere gestioen berri eman dio administrazio zentralari, eta Kanarietako arrantzalekuko uretara iristeko erregimena arautzea proposatu dio.