Ekonomia -

Greba, San Tomas egunean

24 orduko lanuztea Bilboko metroan, % 48ko gutxieneko zerbitzuekin

Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena bete du, erabakiarekin ados egon ez arren. Segurtasun arloko 100 agente arituko dira lanean geltokietan sor daitezkeen pilaketak sahiesteko.

Metro Bilbao. Argazkia: EiTB.
Metroak % 48ko gutxieneko zerbitzua emango du San Tomas egunean

01:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte gaien Sailak Metro Bilbaon ohiko egun batean betetzen diren % 48ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gaurko, San Tomas egunerako. Gema Zabaleta buru duen Sailak, hala, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena bete du.

Jaurlaritzak % 60 eta % 70 arteko zerbitzu minimoak ezarri zituen astelehenean Metro Bilbaon, San Tomas egunerako deituta dagoen grebarako. Administrazioarekiko auzietako aretoak, ordea, gutxieneko zerbitzu horiek "neurrigabeak" direla iritzi dio, hain zuzen, ohiko egun batean betetzen diren zerbitzu arrunten % 48 gainditzen zituztela argudiatuta.

Jaurlaritzak ohar batean, auto judiziala beteko duela esan du, baina erabakiarekin ez dagoela ados azaldu du eta helegitea jarriko dute, euren iritziz, Auzitegiak gaurko egunaren ezohiko baldintzak ez dituelako kontuan izan.

Halaber, % 48ko gutxieneko zerbitzuekin garraio publikoaren eskaerari kalitatez eta segurtasuna bermatuz erantzutea ezinezkoa izango dela azaldu du Jaurlaritzak ohar batean. Horregatik, gaurko lanuztearen ondorioz kalteak jasan ditzaketen erabiltzaileei barkamena eskatu die, aldez aurretik.

Metro Bilbao

Metro Bilbaoko zuzendaritzak ohartarazi duenez, litekeena da zenbait unetan segurtasuna bermatzeko geltoki batzuk itxi behar izatea. 

Iñaki Prego konpainiako kontseilari delegatuak Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan, gaurko eguna, "metroaren historian izan den egunik zailena" izango dela uste duela adierazi du.

% 48ko gutxieneko zerbitzuak direla eta, geltokietako segurtasun plana egokitu behar izan dutela adierazi du Pregok. Hala, "segurtasun arloko ehun bat agente arituko dira lanean" geltokietan sor daitezkeen pilaketak sahiesteko.

Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondorioz, ez da futbol partidak diren egunetan izan ohi den zerbitzurik beteko. Athleticek Errege Kopako final-hamaseireneteko itzuliko partida jokatuko du gaur eta gaueko 23:00etan amaituko da.Trenen joan-etorria 00:20etan berrezarriko du Metro Bilbaok, une horretan Indautxutik San Mameserako zerbitzu berezia ezarriko du futbol zaleak euren jomugetara itzul daitezen.

Lanuzte gehiago urtarrilean

urtarrilean beste lau lanuzte iragarri dituzte. A benduaren 28an elkarretaratzea Urtarrilaren 5, 12, 19 eta 26ean (osteguna) lanuzteak egingo dituzte.

Urtarrilaren 5ean eta 19an, lanuzteak 09:45etatik 12:45etara izango dira, eta 12an eta 26ean, 05:45etatik 07:45etara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea