Ekonomia -

LANGILEAREN EGUNA

ELAk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu maiatzaren 1eko manifestazioak

"Aldaketa garaia da" lelopean, lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma egitea aldarrikatuko du maiatzaren lehenean.

Maiatzaren 1eko mobilizazioak iragartzen dituen kartela. Argazkia: @ELAsindikatua
Maiatzaren 1eko mobilizazioak iragartzen dituen kartela
Maiatzaren 1eko mobilizazioak iragartzen dituen kartela. Argazkia: @ELAsindikatua

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu maiatzaren 1eko mobilizazioak, lehen aldiz. "Aldaketa garaia da!" lelopean, aldaketarako ordua dela aldarrikatuko du, bereziki azpimarra eginda lan erreformaren indargabetzean eta zerga sistemaren erreforman.

Pentsio publikoen alde egiteko eta lan erreforma indargabetzeko garaia dela iritzi dio sindikatuak, "lan-hitzarmenak bertan negoziatu ahal izateko eta enplegua saihesteko. Horregatik, kalera ateratzeko deia egin du ELAk: "Aldaketa garaia da, bai, baina jakin badakigu aldaketa horiek egi bihurtzeko presioa egiten jarraitu behar dugula bai kalean, baita lantokietan ere".

Manifestazioak 11:30ean hasiko dira Bilbon, Donostian eta Iruñean. Gasteizen, berriz, 11:00etan egin dute hitzordua.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiordeak aurkeztu dituzte astelehen honetan maiatzaren 1eko manifestazioak, kartela eta mezua.

Amaia Muñoak azaldu du Langileen Egunerako aukeratutako leloa: "Aldaketa garaia da!". ELAko idazkari nagusiordearen esanetan, pandemiak inoiz baino ageriago utzi du aldaketa sozialerako premia, milaka pertsonaren osasuna eta egoera ekonomikoa kolokan baitaude, bereziki emakumeena. "Zirt edo zart egiteko ordua da. Datozen asteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisiaren irteera", gaineratu du.

Mitxel Lakuntzaren iritziz, Europar Batasuneko suspertze funtsak "tranpa bat" dira. Haren hitzetan, funts horiek murrizketak ekarriko dituzte: "Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak gutxitu nahi ditu eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu".

Halaber, lan erreformak bertan behera uztea eskatuko du ELAk. Salatu duenez, irabaziak dituzten enpresak langileak kaleratzen ari dira beraien neurrira egindako legea baliatuz.

Bestalde, krisi ekonomikoari erantzuteko zerga erreforma egitea defendatu du Lakuntzak. Ildo horretan, enpresek beren etekinengatik, norbanakoek ondareengatik eta gehien dutenek gehiago ordaintzea proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Donostiako azken albisteak Iruñea azken orduko berriak ELA albisteak Langileen nazioarteko eguna argazkiak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Protestak gaur Euskal sindikatuak