Ekonomia -

TURISMOA

Arabak bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du presarik gabeko bidaiariak erakartzeko

"Etorri bidaiatzera" kanpainak Araba aurkeztuko du bederatzi hiritan "turistarentzat baino gehiago inguruaz eta kulturaz presarik gabe gozatzen dakien bidaiariarentzat pentsatutako destino" gisa.

"Etorri bidaiatzera" kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Arabako Foru Aldundia
"Etorri bidaiatzera" kanpainaren aurkezpena.
"Etorri bidaiatzera" kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Arabako Foru Aldundia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak turismoa sustatzeko kanpaina bizia egingo du datozen hilabeteetan, "Etorri bidaiatzera" lelopean, Arabak Estatuko merkatuan dituen erakargarriak ezagutzera emateko eta mugikortasuna berreskuratzen denean lurraldera bisitariak erakartzeko.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak prentsaurrekoan azaldu ditu kanpainaren eduki eta helburuak. Maiatzean eta ekainean Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan, Malagan, Zaragozan, Valladoliden eta Logroñon aurkeztuko dute "gure turismo eskaintza hiri horietako bidaia agentziekin, bidaia agentzia handizkariekin eta komunikabideekin partekatzeko eta, horien bidez, publiko orokorrera heldu eta erakartzeko".

Hiri eta autonomia erkidego horiek nabarmentzen dira Arabara bidaiariak bidaltzen dituzten merkatu nagusiak direlako, Gasteizekin aireko konexioak dituztelako eta interesgarriak direlako hurbiltasun geografikoagatik.

"Araba gure naturari, ondareari eta enogastronomiari lotutako hamaika jarduera eta esperientziaren bidez bizi, sentitu eta dastatzen den destino seguru gisa aurkeztuko dugu. Turistarentzat baino gehiago, inguruaz eta kulturaz presarik gabe gozatzen dakien bidaiariarentzat pentsatutako destinoa da", azaldu du.

Arabako eskaintza turistikoa Espainiako bederatzi hiritan aurkeztuko dute. Udazkenean, fam trip edo egun batzuetako bidaia bat antolatuko dute bidaia agente, bidaia agentzia handizkari eta kazetari eta bidaia blogarientzat, "preskriptore pribilegiatu horiek sendotzeko, Araba lehen pertsonan bizitzeko, sentitzeko eta dastatzeko aukera emanez".

Diputatuak azpimarratu duenez, "kanpaina berezia da, eta abagune berezi bati erantzuten dio: azken hamalau hilabeteetan aisialdiko turismoa eta biltzarrak ia erabat geldiarazi izana. Geldialdi horrek eragin zuzena du Arabako turismo sektorean (ostatuak, bidaia agentziak, turismo aktiboko enpresak, gidak, etab.) eta ostalaritzan eta merkataritzan".

Foru diputatuaren esanetan, txertaketaren aurrerapenak eta herritar gehienen jokabide arduratsuak "mugikortasunaren murrizketak pixkanaka altxatzeko aukera ematen omen du, eta, beraz, turismoa pixkanaka suspertzeko aukera urtearen bigarren zatian. Sektorearen susperraldia merkatu nazionalak eta hurbileko turismoak bultzatuko dute, eta Arabako eskaintza bertan egotea eta susperraldi horri etekina ateratzea nahi dugu".

"Etorri bidaiatzera" kanpainaren claim-a eskaintza zabal baten bidez hedatuko da aurkezpenetan, naturari (parke naturalak, barnealdeko hondartzak, Santa Katalinako lorategi botanikoa...), ondareari (katedrala, Gatz Harana, gazteluak eta dorreak, monumentu multzoak, hiribildu harresituak, etab.), enogastronomiari (Arabako Errioxako eta Aiaraldeko upeltegiak eta ardoak) eta lurraldeko biltzarretarako azpiegiturei lotutako baliabide, jarduera eta esperientzietan oinarrituta.

Arabako gastronomia ere izango da protagonista aurkezpenetan. Osasun eta segurtasun protokolo guztiak betez, turismo sektoreko profesionalek Arabako ardoak eta Arabako zero kilometroko produktuekin egindako pintxoak dastatu ahal izango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak