Ekonomia -
Eustaten datuak
EAEko industria jarduerak ia % 1 egin du atzera 2021eko lehen hiruhilekoan
Dena dela, otsaileko datuekin alderatuta, martxoan apur bat gora (% 0,7) egin du jarduera industrialak.
E. G. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria jarduerak balantze negatiboa izan du 2021eko lehen hiruhileko honetan, % 0,9 jaitsi baita, lan-egutegiko baldintza homogeneotan, Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako datuen arabera.
Martxoko datuak otsailekoekin alderatuta, berriz, ekoizpena apur bat igo da, % 0,7, hain justu, urtaroen eragina behin zuzenduta.
Urte arteko datuei erreparatuta, aurtengo martxoko datuak iazko hilabete berarekin erkatuta, % 12,2 hazi da industria produkzioa. Dena dela, Eustatek gogorarazi du 2020ko martxoaren 14an alarma egoera ezarri zela covid-19aren pandemiari aurre egiteko, zeinek industria-jardueraren zati handi baten garapena mugatu baitzuen. Aurtengo martxo indizearen bilakaera, betiere iazkoarekin alderatuta, desberdina izan da industria-sektore handietan. Igoera handiena, % 45,9koa, kontsumo ondasun iraunkorrek izan dute, alegia, elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea. Ekipo ondasunak, non motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbideko materialaren egitea edo aireontziak edo itsasontziak egitea barruan dauden, % 21,4 igo dira.