Ekonomia -
'Campeon' Operazioa
Gorenak bere gain hartuko du Jose Blancoren aurkako auzia
Ministro ohiak "errespetua" agertu dio Justiziaren lanari eta ziur esan du ikerketa judizialak agerian utziko dituela bere kontrako "salaketa faltsuak".
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Jose Blanco Sustapen ministro ohia ikertuko duela iragarri du gaur. Gauzak horrela, 'Campeon' operazioa bere gain hartuko duela iragarri du epaitegiak.
Jose Ramon Soriano epailea izendatu dute auzi horretako buru.
Iragan azaroan, Fiskaltzak Auzitegi Gorenari eskatu zion Blancoren aurkako auzia bere gain hartzea. Orain arte, Lugoko epaitegi batek eraman du.
Fiskaltzak Blancoren jardueran eroskeria eta eragimen-trafiko zantzuak daudela azalduz idazki bat argitaratu zuen azaroan, Estela San Jose Lugoko Auzitegiko epailearen argudioak babestuz.
Auzitegi Gorenak azaroaren 11n eskatu zion Lugoko Epaitegiari Blanco ikertzeko arrazoirik ba ote zegoen eta Gorenak berak eskumena ote duen argitzeko.
Blancoren erreakzioa
Ministro ohiak "errespetua" agertu dio Justiziaren lanari eta ziur esan du ikerketa judizialak agerian utziko dituela bere kontrako "salaketa faltsuak".
Horixe esan du Blancok Auzitegi Gorenak ikerketa abiatzeko erabakia hartu duela jakin ondoren.
"Errespetua erakutsi nahi diot Justiziaren lanari. Espero genuen autoa da Fiskaltzak nire kontrako salaketak argitzeko ikerketa beharrezkoa zela adierazi ondoren. Ziur nago ikerketak agerian utziko duela nire kontrako salaketak faltsuak direla", azaldu du ministro ohiak.