Ekonomia -
MAKINA-ERRAMINTAREN SEKTOREA
Makina-erremintaren fakturazioa % 19,65 jaitsi da EAEn 2020an
Aurten, % 12 eta 15 artean haztea espero da, 2019ko mailetara hurbilduz.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Makina-erremintaren fakturazioa % 19,65 jaitsi da 2020an, 1.324,12 milioi euroraino. Aurreko ekitaldian 1.647,86 milioi euro izan ziren. Aurten % 12 eta 15 artean haztea espero da, 2019ko mailetara hurbilduz.
Enpleguari dagokionez, zuzeneko 7.589 lanpostu mantendu dira; hau da, % 5,21 gutxiago. Dena dela, 2021eko lehen hilabeteetan "suspertze" bidean da.
Cesar Garbalena AFMko presidenteak eta Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak 2020ko itxierari buruzko behin betiko datuak eman dituzte Donostian egin duten prentsaurrekoan, eta otsaileko behin-behineko itxierari dagokionez, puntu bat hobetu dela azaldu dute.
Adierazi dutenez, 2021ean "baikor eta indartsu baina errespetu handiarekin" egingo diote aurre, 2020an fakturazioa "nabarmen" jaitsi delako. Dena dela sektoreak zutik mantentzea lortu duela nabarmendu dute.
Esportazioek % 22,25 egin zuten behera iaz, 1.006,01 milioira arte; 2019an 1.293,93 milioi izan ziren. Barne salmentak, berriz, % 13,41 jaitsi dira eta eskaerek % 23'5 egin dute behera, aurreko ekitaldiarekin alderatuta.