Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Alestis zigortu dute aldi baterako lan erregulazioan sexu-bereizkeria egiteagatik
Gasteizko lantegian, aeronautikako enpresak irizpide bat aplikatu zien lanaldi murriztua zuten emakume langileei, eta ELAk salaketa jarri zuen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ELAren helegitea onartu, eta Alestis enpresa zigortu du, "sexuagatiko diskriminaziorik ez izateko oinarrizko eskubidea urratzeagatik". Ondorioz, hiru langileri kalte-ordaina eman beharko die, Gasteizko lantegian aldi baterako lan-erregulazio espedientea modu diskriminatzailean aplikatzeagatik.
ELAk azaldu duenez, 2020ko maiatzean Alestis aeronautika enpresak, CCOOk eta UGTk aldi baterako lan-erregulazio espediente bat adostu zuten Espainiako Estatuko hainbat lantegitan. Horren bidez, enpresan lan egiten zuten langile batzuk lau hilabetez kaleratu zituzten, eta beste batzuk "txandaka" aritu ziren.
Gasteizko lantegian, lanaldi murriztua zuten emakume langileei, irizpide bat aplikatu zien enpresak, eta ELAk salaketa bat jarri zuen Emakunde Emakumearen Euskal Erakundean. Horren arabera, enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeak "eragin kaltegarria" zuen langileentzat.
Dena dela, Emakunderen ebazpenak ondorio praktikorik izan ezean, sindikatuak helegitea aurkeztu zuen epaitegietan, eta epaiak orain onartu du sexu-diskriminaziorik ez izateko eskubidea urratu zela.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hiru langileri 6.251 euro ordaintzera zigortu du enpresa, eta beste bi langileren eskaria gaitzetsi du.