Ekonomia -

LANA

Behin-behinekotasuna murriztea xede duen erreforma lantzen ari da Espainiako Gobernua

Zirriborroaren arabera, aldi baterako lan kontratuek gehienez ere urtebeteko iraupena izango dute. Horiek kontratu mugagabe bihurtzea da helburua.

Industriako langile bat bere lanpostuan. Artxiboko argazkia: Irekia
Industriako langile bat bere lanpostuan
Industriako langile bat bere lanpostuan. Artxiboko argazkia: Irekia

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroak atzo iragarri zuenez, berak gidatzen duen ministerioa aldi baterako kontratuen erabilera murrizteko "egiturazko erreforma bat" prestatzen ari da.

Vocento taldeak zabaldutako zirroborroaren arabera, aldi baterako kontratuek gehienez ere urtebeteko iraupena izango dute. Horiek kontratu mugagabe bihurtzea da helburua.

Ekoizpen arrazoiak dauden kasuetan, aldi baterako kontratuak sei hilabetekoak izango dira eta urtebetera arte luzatu ahalko dira, dagokion sektoreko lan hitzarmenak hori egitea ahalbidetzen badu.

Halaber, 30 hilabeteko epean 24 hilabetez aldi baterako kontratua izan dutenak langile mugagabe izatera igaroko dira.

Gainera, aldi baterako kontratuak egiten dituzten enpresei horretarako arrazoiak eta testuingurua idatziz azaltzea eskatuko zaie. Horiek ez betetzeak langile mugagabe bihurtzea ekarriko du.

Atzo Espainiako Lan ministroak azpimarratu zuenez, lanpostuen egonkortasuna sustatzea eta aldi baterako kontratuen gehiegizko erabilera eragoztea da helburua.

"Hori justifikatzen duen arrazoiren bat dagoenean bakarrik joko da aldi baterako kontratu batera", esan zuen atzo Yolanda Diazek Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Haren esanetan, kontratazioaren oinarria egonkortasuna izango da, hots, kontratu mugagabea.

"Kontratu mota batzuen erabilera eta abusua dago", salatu zuen Yolanda Diazek, obra eta zerbitzu kontratuei erreferentzia eginez.

Diazek ez zuen atzo erreformari buruzko xehetasun gehiagorik eman nahi izan. Aipaturiko erreforma Espainiak Europar Batasunarekin hitzartu duenetako bat da, eta eragile sozialekin batera prestatzen ari da.

Espainiako lan merkatuan behin-behinekotasuna % 26koa da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
lan erreforma berria Lana albisteak Espainiako Gobernua albisteak Espainia Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen albistea Enpresen albisteak Yolanda Diazen adierazpenak