Ekonomia -

Munduko zerga sistema

G7aren zerga akordioa txalotu eta Euskadiren parte-hartzea aldarrikatu du Azpiazuk

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak gogorarazi duenez, multinazionalek "bidezko zerga portzentajea toki guztietan ordaintzea" bilatzen du akordioak.

Ekonomia ministroak G7aren goi-bileran, Londresen. Artxiboko argazkia: EFE
Ekonomia ministroak G7aren goi-bileran, Londresen.
Ekonomia ministroak G7aren goi-bileran, Londresen. Artxiboko argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G7aren azken goi-bilerak munduko zerga sistema erreformatzeko adostu zuen akordioa txalotu du Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan, baina Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundea bezalako nazioarteko foroetan parte hartu ahal izatea eskatu du.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak EH Bilduren galdera bati erantzun dio Eusko Legebiltzarreko saioan. Zerga politika Europako eta munduko estrategia berriarekin nola uztartuko duen galdetu dio koalizioak Jaurlaritzari.

Munduko ekonomia garatuenek (AEB, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Kanada, Italia eta Japonia) akordioa itxi zuten duela egun batzuk G7aren goi-bileran. Multinazional handiek, erraldoi digitalek esaterako, etekinak lortzen dituzten herrialdeetan zergak ordaintzea adostu zuten buruzagiek, gutxieneko % 15eko zerga proposatuz.

Azpiazuk gogorarazi duenez, multinazionalek "bidezko zerga portzentajea toki guztietan ordaintzea" bilatzen du akordioak.

"Multinazionalen jokabidea, batez ere esparru teknologikoan, ez da jasangarria, ez politikoki, ezta ekonomikoki ere; eta beraz, balioa sortzen duten tokietan zergak ordaindu behar dituzte, baita Euskadin ere, noski", adierazi du sailburuak.

Munduko gobernuek "multinazional handien fiskalitatean lehiaketa baino lankidetza aukeratu" izana laudatu du Azpiazuk, "ona" delako, eta Eusko Jaurlaritzak txalotu egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak G7 goi-bilera