Mundua -

Multinazionalak

G7 taldeak % 15eko gutxieneko bazkun-zerga globala ezartzeko akordioa itxi du

Ituna "historikotzat" jo dute protagonistek. Akordioa G20aren eta banku zentraletako gobernadoreen bileran aztertuko dute uztailean, Venezian.

G7ko Ekonomia ministroak Londresen. Argazkia: EFE
G7ko Ekonomia ministroak Londresen.
G7ko Ekonomia ministroak Londresen. Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko ekonomia garatuenek (G7) akordio "historikoa" itxi dute Londresen, zerga sistema globala erreformatzeko, Rishi Sunak Erresuma Batuko Ekonomia ministroak iragarri duenez.

Horrela, erraldoi teknologiko multinazionalek zerga ekarpena egin beharko dute, adierazi Sunakek Twitter sare sozialean.

G7ko ministroek (AEB, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Kanada, Italia eta Japonia) % 15eko gutxieneko sozietate-zerga ezartzeko konpromisoa hartu dute.

Ituna G20aren (herrialde garatu eta azaleratu berriak) eta banku zentraletako gobernadoreen bileran aztertuko dute uztailean, Venezian.

"Gaur pozez zoratzen iragarri dezaket, urteetako eztabaidaren ostean, G7ko Finantza ministroek akordio historikoa adostu dugu, zerga sistema globala erreformatzeko", esan du Sunakek bilera amaitu ondoren. Lancaster House jauregitxoan bildu dira, Erresuma Batuko hiriburuaren erdialdean.

Ituna "aro digital globalera" egokitzeko pentsatu dute eta, "erabakigarria dena, bidezkoa dela ziurtatu, konpainiek (erraldoi teknologikoak) zerga egokia toki zuzenean ordaintzeko", erantsi du Ekonomia ministroak.

"Hemen adostutakoaren arabera, gutxienez % 15 (bazkun-zerga)", errepikatu du ministroak, portzentaje handiago baten alde ez egiteko erabakia defendatuz.

"Gutxienez hamar urte eraman ditu eztabaidak. Eta orain, gaur lehen aldiz, benetako oinarrien inguruko akordioa itxi dugu, eta aurrerapauso handia da", gaineratu du Sunakek. "Bidezko" sistema bat dela uste du Erresuma Batuko ministroak.

Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak uste du "desberdintasunekin eta desitxuratzeekin" amaitzeko modu bakarra dela.

Bestalde, "enpresei ziurtasun handiagoa" emango diela ziurtatu du Facebookek. Era berean, sare sozialak herrialde ezberdinetan "zerga gehiago ordaindu" beharko dituela onartu du.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, akordioa "zuzentasunerantz pauso handia da".

Janet Yellen AEBeko Altxor idazkariak "aurrekaririk gabeko" akordioa dela esan du; izan ere, gutxieneko zerga bat ezartzeko "bultzada ikaragarria" da.

Azkenik, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren ahotan, "munduko konpainia erraldoiek ekarpen handiagoa egitea ahalbidetuko du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Alemania Frantzia Japonia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Italia Londres Kanada Enpresaburuak G7 goi-bilera Zerga politika