Ekonomia -

Prekarietatea eta kaleratzeak

ELAk eta LABek arrakastatzat jo dute Euskadiko merkataritzan deitutako greba

Sindikatuen arabera, jarraipen "zabala" hiriburuetako kate komertzial handietan nabaritu da gehien bat.

Pikete batzuek Bilboko kale komertzial nagusiak zeharkatu dituzte lehen orduan. Argazkia: EFE.
Pikete batzuek Bilboko kale komertzial nagusiak zeharkatu dituzte lehen orduan
Greba eguna deituta dago gaurko EAEko merkataritzan

0:38

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk eta LABek arrakastatzat jo dute ostiral honetan Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzan deitutako greba egunaren jarraipena, sektorearen prekarietatea eta kate komertzial handietan iragarritako kaleratzeak salatzeko.

Jarraipen portzentajerik zehaztu gabe, sindikatu antolatzaileen iturriek Europa Press albiste-agentziari azaldu diotenez, "jarraipen zabala kate komertzial handietan nabaritu dela esan daiteke"Izan ere, greba deialdia batez ere enpresa handiei zuzenduta zegoen, "dendak ixteagatik eta langile kopurua doitzeagatik".

Bere ikuspuntutik, Euskadiko merkataritzaren greba hau "historikoa" da planteatutako lurralde-eremuagatik, autonomia erkidego osoagatik, bai eta sektore-esparruagatik ere; izan ere, azpimarratu dutenez, "lehen aldiz eta modu bateratuan deitu da ehungintzaren, metalaren, jeneralaren, larruazalaren eta oinetakoen, altzarien, drogerien eta lurrindegien, paperaren eta arte grafikoen merkataritzaren eta saltoki handien sektoreetan".

Hori dela eta, mobilizazioa "arrakastatsua izan da eta langileek erantzun diote deialdiari", esan dute.

Era berean, gogorarazi dute grebak gizartearen eta erakunde publikoen aurrean "merkataritzako langileek bizi duten alarma gorria" agerian utzi nahi duela.

Ildo horretan, sektoreko enpresa erreferenteek (Inditex, H & M, El Corte Ingles eta Douglas, besteak beste) "enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak are gehiago prekarizatzeko" hartutako erabakia kritikatu dute. Sindikatuen esanetan, ezin dute onartu "on line salmenta areagotzearen aitzakian, enpresa horiek digitalizazio-prozesuak bultzatzea, herrialde honetako langile-klasearen kaltetan gutxi batzuk aberasten laguntzeko eta saltoki txikietako enplegua suntsitzeko".

ELAren eta LABen ustez, "onartezina" da "onura handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea eta lan-baldintzak prekarizatzea berez prekarizatuta dagoen eremu batean". Gainera, "tamalez, merkataritzan enplegua suntsitzeko prozesua hasi besterik ez da egin", gaineratu dute.

Sindikatuek sektoreko patronalari eskatu diote blokeatutako sektoreko hitzarmen kolektiboen negoziazioak berriz martxan jartzeko, eta negoziazio horietan "sektorea aro berri honetara egokitzeko edukiak" sartzeko, salmenta elektronikoa dela eta.

Prekarietatearen aurkako manifestazioak

Goizean goizetik, bi sindikatuetako piketeek hiru hiriburuetako hiriguneak zeharkatu dituzte, eta, ondoren, Gasteizen, Donostian eta Bilbon antolatutako manifestazioekin bat egin dute.

Kasu guztietan, manifestariek, batez ere emakume langileek, sektoreko lan-prekarietatearen aurkako leloak oihukatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Sindikatuak Merkataritza