Itxi

2021/06/28

18:56

Ekonomia

PENTSIOEN ERREFORMA

Pentsioen erreformari buruzko aurreakordioa lortu dute

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Pentsioak KPIaren arabera igotzea, jasangarritasun faktorea indargabetzea eta erretiroa atzeratzeko pizgarriak ematea adostu dute Espainiako Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek.

2:31
PENTSIOEN ERREFORMA
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek pentsioen erreformaren inguruko aurreakordioa lortu dutela iragarri dute astelehen honetan.

Hiru ardatz biltzen dituen akordioa da: KPIaren araberako pentsio igoera, PPren garaian onartutako jasangarritasun faktorea indargabetzea eta erretiroa atzeratzen dutenei pizgarriak ematea. Gainera, erretiroa aurreratzen dutenei neurri zigortzaile handiagoak ezarriko dizkiete.    

Lehen puntua erabakigarria da egungo pentsiodunentzat, pentsioen igoera KPIarekin lotzen baitu. Gainerako puntuek etorkizuneko pentsiodunei eragiten diete.

Ohar bateratua kaleratu dute sindikatuek, eta erreformak Espainiako Estatua pentsio sistemaren "bermatzaile" publiko gisa sartzea dakarrela azaldu dute.

Horrela, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean klausula bat sartzen da. Horren bidez, Estatuko Aurrekontu Orokorrek urtero transferentzia bat egingo dute, BPGaren % 2ren parekoa, hau da, 21.000 milioi eurokoa.

Gainera, akordioak, besteak beste, erretiro aurreratuaren eredua berrikustea ekarriko duela nabarmendu dute, eta emakumeen derrigorrezko gizarte-zerbitzuko aldiei lotutako eskubideak berdinduko ditu.

Unai Sordo CCOOko buruak prentsaurrekoan azaldu duenez, akordioa "oso palanka indartsua" da pentsioen iraunkortasuna eta nahikotasuna bermatzeko, eta diru-sarrerak handitzeko neurriak behar ditu.

"Pentsioak ordaintzeko borondate politikoa badago, etorkizunean pentsioak egongo dira", esan du sindikatuko idazkari nagusiak, akordioa itxi baino lehen, eta, horri esker, pentsioen sistema erreformatzeko lehen neurri sorta aurrera atera ahalko da.

UGT sindikatuko Europako Politiken idazkari Mari Carmen Barrerak esan du akordioa "inteligentea", "orekatua" eta "elkarrizketa sozialaren alorrean azken hamarkadako garrantzitsuenetakoa" dela, eta, beraz, "2013ko pentsioen erreformaren antitesia" dela.

LAB: "Euskal Herriko langileen eta pentsionistek aldarrikapenak ez dituzte kontuan hartu"

UGTk eta CCOOk patronalarekin eta Pedro Sanchezen Gobernuarekin lortutako ituna goraipatu duten bitartean, LABek ohartarazi du erreforma horrek pentsioen sistema publikoa ahuldu egingo duela. Halaber, Euskal Herriko langileen eta pentsionisten aldarrikapenak kontuan hartu ez dituztela kritikatu du.

Gauzak horrela, "kalean mobilizatzeko eta erantzuteko beharra gero eta nabarmenagoa da", erantsi du ohar batean.

Sindikatuaren esanetan, 2011ko erreforman egindako murrizketek jarraitzen dute eta itun berriak ez ditu pentsioen sistema publikoa eta pentsio duinak bermatuko.

"Pentsioak KPIari lotzea justua da, baina kezkagarria da iraunkortasunaren irizpidea kentzea eta belaunaldien arteko elkartasunari buruzko adierazle bat sortzeko beharra aipatzea. Izendapena aldatu dute, baina borondatea norabide berean jarraitzea da", deitoratu du.

Pentsio duinak bermatzeko, soldata prekarioak amaitzea, kotizazioari mugak kentzea, osagarrien sistema baztertzea eta finantzazioa handitzea ezinbestekoa dela uste du LABek.  

Horrez gain, erretiroa hartzeko eskubideari oztopo gehiago jartzen zaizkiola salatu du. "Jubilatzeko adina aurreratzea eta gazteen enplegua sustatzea da langileriak behar duena", azpimarratu du.

ELA: "Akordio honek murrizketa gehiago ekarriko ditu"

Bestalde, ELA sindikatuak ohartarazi du erreforma honen ondotik murrizketa gehiago etorriko direla, eta, ondorioz, mobilizazioak egiteko deia egin du, Madrilen egindako itunak protestak gelditzea duela helburu iritzita.

Pentsioak KPIaren arabera eguneratzea berri ontzat ematen badu ere, akordioa gogor kritikatu du: "Gutxiengo pentsioen zenbatekoa ez dute zehaztu, erretiroa hartzeko adina 67 urtera luzatzeko erabakia ez dute baliogabetu eta pentsioen gaineko murrizketak ez dituzte indargabetu".  

"Hau guztia desinformazio eta propaganda kanpaina bat baino ez da. Erreformaren benetako helburua murrizketa berriak onartzea da, pentsio duinak bermatu gabe", nabarmendu du sindikatuak.

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari igorritako dokumentuak aintzat hartuta, ELAk uste du erreforma bi fasetan egingo dutela.

Lehenengo fasean, urtea amaitu aurretik, murrizketak erretiroa aurreratzeko eskubidean emango direla esan du, eta datorren urtean pentsioei lotutako murrizketak izango direla iragarri du.  

Halaber, ELAk adierazi du erreforma honekin ez direla betetzen iazko urtarrilaren 30ean eragile sozialek Euskal Herrian egindako greba orokorrean planteatutako aldarrikapenak, ezta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azken urteotan egindako eskakizunak ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;