Ekonomia -

Heriotza

Santiago Bengoa hil da, Euskadiko CCOOko idazkari nagusia izandakoa

Bengoak 10 urte baino gehiagoz zuzendu zuen EAEko sindikatua, 1988tik 2000. urtera.

Bengoa, gurpildun aulkian, Sordo eta Garciarekin batera, sari banaketa batean. Argazkia: @CCOO
Bengoa, gurpildun aulkian, Sordo eta Garciarekin batera, sari banaketa batean.
Bengoa, gurpildun aulkian, Sordo eta Garciarekin batera, sari banaketa batean. Argazkia: @CCOO

Agencias | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Bengoa 90eko hamarkadan Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusi izandakoa hil da, 66 urterekin, Gasteizen, sindikatuak jakinarazi duenez. 

Bengoa CCOOk Euskadin izan zuen bigarren idazkari nagusia izan zen (1988-2000), Tomas Tuerosi lekukoa hartuta.

Aramaiokoa sortzez (Araba, 1955), Otxandion (Bizkaia) eman zuen haurtzaroa. Eibarko Armeria eskolan ikasi ondoren, Elgoibarko enpresa batean hasi zen lanean. 1974an, Michelinen hasi zen beharrean, eta Gasteizko Comisiones Obreras sindikatua jarri zuen martxan, artean klandestinitatean.

CCOOren sorrerako lehen asanbladan hartu zuen parte, 1976an (Bartzelona) eta Euskadiko federazioaren lehen kongresuan, 1978an. Hasieratik bertatik ardura eta lidergo postuak izan zituen, harik eta 1988an idazkari nagusi hautatu zuten arte. 2000. urtean, Idazkaritza utzita, Sidenorrera bueltatu zen. 2016an hartu zuen erretiroa.

CCOOk heriotza deitoratu eta sindikatuaren autonomiaren alde eta barne aniztasunaren alde Bengoak egindako lana goraipatu du. Doluminak adierazi dituzte Unai Sordo Estatu mailako CCOOOren idazkari nagusiak, Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak eta baita Yolanda Diaz Lan ministroak ere. Twitterren botatako mezu batean, Espainiako Gobernuko bigarren presidentordea denak Bengoaren ibilbide borrokalaria goraipatu du, eredu dela esanez. Gainera, maitasuna adierazi dio Mari Cruz Vicente Bengoaren alargun eta CCOOko "bigarrenari".

Bestalde, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak Bengoaren "protagonismoa" goraipatu du "euskal sindikatuaren historia modernoaren baitan". Buruzagi sozialistaren ustez, CCOOren idazkari nagusi izandakoa "terrorismoaren kontrako ahots nabarmena eta elkarrizketaren aldeko gizon saiatua izan zen". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Sindikatuak CCOO