Ekonomia -
Espedientea, bertan behera
Oñatiko Stadler enpresak ez ditu iragarritako 12 kaleratzeak egingo
Langileek greba mugagabea deitua zuten gaurtik aurrera enplegu erregulazio espedientea salatzeko.
Agentziak | EITB Media
Oñatiko (Gipuzkoa) Stadler enpresak atzera egin du eta ez ditu iragarritako langileak kaleratuko. Zuzendaritzak enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen (63 pertsonako taldetik 12 bota behar zituzten), baina azkenean bertan behera utzi du, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.
Kaleratzeen kontra, 24 orduko lanuztea egin zuten langileek asteartean, eta gaurtik aurrera greba mugagabea zeukaten deituta.
LABen esanetan, enpresak "pandemia baliatu zuen" 12 kaleratze eta gainerako beharginei soldata % 30 jaisteko asmoa iragartzeko.
Sindikatu abertzaleak uste du "langileen borrokak" lortu duela espedientea etetea, eta zuzendaritzaren erabakia "oso albiste pozgarria" dela.