Ekonomia -
Katalunia
Kataluniako Finantza Institutuak emandako abalak ikertzen ari da Fiskaltza
Dekretu baten bidez, Ciudadanosek Kataluniako Gobernuko kideen aurka jarritako salaketa artxibatzea erabaki du, legeak hori egitera behartzen duela argudiatuta, gertaera berberengatik epailearen prozesua abian dagoenean.
Agentziak | EITB Media
Institut Català de Finances (ICF) erakundeak Generalitateko 30 goi-kargudun ohiri abalak eman izana ikertzen ari da Kataluniako Fiskaltza. Kontu Auzitegiak 5,4 milioi euroko fidantza eskatu zien goi-karguei atzerrian Kataluniako prozesua diru publikoarekin sustatzea egotzita.
Dekretu baten bidez, Kataluniako Fiskaltza Nagusiak diligentziak irekitzea erabaki du Ciudadanosek aurkeztutako salaketaren harira, baina ICFren gobernu batzordea bakarrik ikertzeko agindu du. Izan ere, Voxek dagoeneko Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean salatu ditu Kataluniako Gobernuko kideak, forudunak direlako.
Fiskaltza Nagusiak Bartzelonako Probintziara bidali du salaketa, ICFko Gobernu Batzordeko kideek abalak ematerakoan deliturik egin ote zuten argitzeko. Instantzia horri dagokio kontu horiek ikertzea, ez baitira forudunak.
Ciudadanosek joan den astean aurkeztu zuen salaketa Fiskaltzaren aurrean, Kataluniako Gobernuak ICFren bidez Arriskuen Funts Osagarria sortzean goi-kargu ohiei babesa emateko "iruzurrezko operazioa" egin zuela argudiatuta.
Kontu Auzitegiak zalantzan jarri du bermeen legezkotasuna, eta, beraz, oraindik ez du erabaki onartzen dituen ala ez. Estatuko Abokatutzari lehenbailehen eskatu dion txostenaren zain dago erabakia hartu ahal izateko.
Bere dekretuan, Fiskaltza Nagusiak adostu du Kataluniako Gobernuko kideen aurkako Ciudadanosen salaketa artxibatzea, legeak hala egitera behartzen duela azalduta, gertaera berberengatik prozedura judizial bat martxan dagoela jasota dagoenean.