Itxi

2021/08/06

16:37

Ekonomia

Koronabirusa

Gipuzkoako ostalariek edukierak handitzea eta gau-jarduera izatea galdegin dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

"LABIk ezin du itxi oporrengatik, goi-denboraldian gaudenean", esan du Kino Martinez elkarteko idazkari nagusiak.

1:10
Gipuzkoako ostalaritza iazko udan baino okerrago dago
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak lokaletako barnealdeko edukierak berriro % 50ekoak izatea eta gau-jarduerako ordua "segituan" berreskuratzea galdegin du, pandemiaren bilakaera ikusita; halaber, ziurtatu du LABIk ezin duela "itxi oporrengatik, goi-denboraldian gaudenean".

Kino Martinez elkarteko idazkari nagusiak, David Vega Zuzendaritza Batzako Sukaldaritzako batzordekidearekin batera Donostian emandako prentsaurrekoan, sektorea jasotzen ari den tratamendua gaitzetsi du; izan ere, haren iritziz, pandemiaren "kudeaketa publiko txarraren ondorioak" ari da pairatzen.

Martinezek adierazi duenez, aurreikuspena da ondorengo urte eta erdian 200-300 ostalaritza-saltoki ixtea; horietako batzuk berriro irekiko dituzte, baina beste asko, aldiz, behin betiko geratuko dira itxita.

Idazkari nagusiak eskatu du sektoreko murrizketak arintzea, eta ostalaritzan dauden kontrol-protokoloek Euskadiko gainerako ekonomia-jardueretan dauden protokoloekin parekatzea: "Positibo bat agertuta, desinfektatu egiten dugu; hori guk bakarrik egiten dugu, beste sektoreek ez. Halaber, langile batek positibo emanez gero, ixten gaituzte, eta hori ez da gertatzen gainerako sektoreetan, gurean soilik", salatu du.

Galdegin du, horrez gain, kaltetutako sektoreetarako laguntzen ordena aldatzea; izan ere, planteatutako eskariak, epea bi hilabetez luzatu bada ere, aurreikusitako zenbateko osoaren % 20tik behera kokatuko dira.

Laguntzetako funtsa

Martinezen ustez, gainera, hurrengo euskal aurrekontuek laguntzetako funts bat jaso beharko lukete, 2021ean murriztapenak izan dituzten sektoreetarako; euskal ostalaritzan, esate baterako, murriztapen horiek iazkoak baino zorrotzagoak izan dira.

Gogora ekarri duenez, 2020ko udan goizaldeko ordu bietara arte irekitzeko baimena zuten, eta ez zegoen edukierarako murriztapenik, gau-aisialdirako bakarrik (% 60koa). Mahaietan, hamar lagun eseri ahal ziren, eta barrak zabalik zeuden.

Gaur egun, aldiz, goizaldeko ordu batean itxi behar dute, barnealdeko edukiera % 35ekoa da, mahaietan gehienez sei pertsona egon daitezke, eta barrak itxita daude, "nahiz eta herritarren % 70 txertatuta dauden".

Aldeztu egin du ostalaritzak ez duela zerikusirik bosgarren olatuarekin; izan ere, intzidentzia-tasak Euskal Autonomia Erkidegoan behera egin baitu, ikasketa-bidaiak eta "ez jaiak" amaitu egin direlako gertatu da, "baina ez tabernetan duela gutxi edukiera murriztu delako". Gainera, esan du gau-aisialdia "profesionalizatuta" izan beharko litzatekeela; horrela, haren iritziz, gazteek ez lituzkete antolatuko "kontrolaezinak diren legez kontrako kale-edanak".

Covid pasaportea

Ostalaritza-lokaletara sartzeko covid-pasaportea ezartzeko aukeraz, Kino Martinezek esan du ez duela uste Euskadin ezarri beharko litzatekeenik, jarduerarako murriztapenak agertu ezik behintzat; bestela, "kaltegarria" litzateke, esan duenez.

Indarrean dagoen udako denboraldirako ostatuen sektoreak dituen aurreikuspenei dagokienez, elkartearen iritzia da betetzea % 62koa izango dela; beraz, iazkoa baino handiagoa izango da, 2020an % 48an kokatu baitzen.

Espainiar Estatutik iritsitako turismoak gora egin duela sumatu dute, eta Frantziatik eta Erresuma Batutik etorritakoak, aldiz, behera egin omen du. Tarifak, 2019ko udan indarrean zeudenekin alderatuta, gutxi gorabehera % 10 merkeagoak dira.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;